Tantanez Tantan: euskeraren giza katea badator

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Tantanez Tantan: euskeraren giza katea badator
ETA KITTO 2014, Mai 30

Bihar, zapatua, eguerdiko 13.00ean, hitzordua dugu Eibarko euskalzaleok. Tantanez Tantan Eibarren euskaraz bizi edo Gantxilla Eguna ospatuko dugu Urkizutik abiatuta. 4. edizioa beteko duen honetan ere, herritar guztiak Eibarren ere euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu. 60 talde inguru daude gonbidatuta, baina deialdia herri osoari egin dio Eibarko euskalgintzako taldeak. Urkizu eta Untzaga giza katearekin osatu behar da eta ezinbestekoa, beraz, denon parte-hartzea.
13.00ean Urkizuko iturrian, Gurasoak Berbetan egitasmoko parte-hartzaileek beteko dute gantxilla urez, eta hortik aurrera, eskuz esku, Untzagaraino eramango dugu. Bertan, taldeko argazkia atera, euskeraren aldeko aldarrikapena irakurri, egun horretarako propio sortutako bertsoa abestu eta euskal dantzak egingo dira. Ekitaldi amaierako aldarrikapena, Klub Deportiboak irakurriko du, aurten 90 urte betetzen ditu-eta.
Saman koadrodun zapia lotuta, gantxilla eskutik eskura pasatzeko gogoa eta euskeraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi izatea. Horixe, besterik ez, euskalzaleok biharko ekitaldian parte hartzeko beharko duguna. Tantanez tantan Eibarren euskaraz bizi!

Ekitaldiaren parte-hartzaileak
URKIZUTIK IBARKURUTZERAINO
Asola Berri / Urkizu Herri Ikastetxea / Juan Antonio Mogel Ikastola eta bertako Guraso Elkartea / Gaztetxea / Goruntz abesbatza / Trikitilariak / Andirao baserritarren Elkartea / …eta kitto! Euskara Elkartea / …eta kitto! Euskara Elkartearen bazkideak / Berbetan / J.A. Mogel Ikastolako hankapaloak / La Salle Azitain / Aldatze / Hizkuntza Eskola / Eibar arte / Ustekabe / Sindikatuak / Badihardugu / Armeria Eskola / Gure Esku Dago

IBARKURUTZETIK ANBULATEGIRAINO
Dendarien Elkartea / Debabarreneko Bertso Eskola / Itzio BHI / Ignacio Zuloaga institutua / San Andres ikastetxea / Jaixak Herrixak Herrixantzako / Usartza Txistulari Taldea / Ikasten / Kaleetan Kantuz / Nagusien komisioa / Legarreko musika taldeak / Zeramika Eskola /  Marrazki Eskola / Alderdi politikoak / Txirrindulari Elkartea / Sostoa / eibar.org / Ernai / Zona 10 / EHE / Eibarko Kantuzaleak

ANBULATEGITIK UNTZAGARAINO
AEK / Udal Euskaltegia / Urbat / Eibar Rugby Taldea / Eibar Kirol Elkartea / Aspe / Arrate Kultur Elkartea / Arrateko Andra Mari ikastetxea / La Salle Isasi / Klub Deportiboa / Musika Eskola / Amaña ikastetxea / Urki Futbol Taldea / Unibertsitate Laborala / Dantza Garaikidea / Eskubaloi Taldea / Haur Eskolak / Eskozia La Brava / Bihurri

BERTSOA

1)
Urkusuko iturrian
nagusi, heldu, haur
euskalzaletasunak
elkartu gaitu gaur.
Untzagaraino goaz
pozik eta ziur
aho bete euskara
gantxilla bete ur.

2)
Gantxilla eskuz esku
eta buruz buru,
elkarlanari esker
Untzaga helburu
bidean ongi doa
poliki, seguru.
Euskararekin berdin
egin behar dugu.

3)
Guztiok euskararen
alde egon arren,
hori nahikoa denik
ez pentsatu arren.
Begiratu gantxillak
zer mezu dakarren:
Euskara hutsez bizi
nahi dugu Eibarren.

DOINUA: “Triste bizi naiz eta…”

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude