|
• URKORA IGOERA:
Urte berriari ongi etorri berezia eman nahian, Klub Deportiboko Mendi taldearekin elkarlanean, Urkora igoera antolatzen dihardugu azkenengo urteotan. Ixuan hamaiketakoa eskaintzen zaie mendizaleei, txorizo eta salda beroarekin sabela berotzeko. Gabon Zahar osteko ajeak uxatu eta urte berria osasuntsu hasteko modu hobeagorik...!
• ARATOSTEAK:
Aratoste jaietan ...eta kitto! Euskara Elkarteak hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Barixaku erregularrean kaldereroen etorrera egiten dugu herriko hainbat talderekin elkarlanean eta egun berean, Aratoste pregoiarekin jaiei hasiera ematen diegu. Hurrengo egunean, Aratoste Zapatuan, gaztetxoenei Aratosteetako jaietan aktiboki parte hartzeko aukera eskaintzen diegu, eurentzat propio antolatutako Play-Back lehiaketarekin.
• IPURTERRE IPUIN LEHIAKETA:
Gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, Ipurterre Ipuin lehiaketa antolatzen dugu LH eta DBHko ikasle guztientzat. Urtetik urtera lan kopurua gorantz doa baina ez hori bakarrik: gure herrian idazle bikainak ditugula esan dezakegu, lanen kalitatea ere hobetuz doalako. Lan irabazleak, gainera, Txikitto! hilabetekarian argitaratzen dira.
• SAN JUAN JAIAK:
Eibartarrok modu berezian ospatzen ditugun jaiotan, ...eta kitto! Euskara Elkartearen presentzia nabarmena da. San Juan bezperan, ekainaren 23an, gauerdian, San Juan Sua egiten dugu Untzaga plazan. ...eta kitto!ko ordezkariez gain, Udaleko eta herriko hainbat Elkarte edo taldetako ordezkariak ere gonbidatzen ditugu urtero, sua piztera. Suaren ohitura berreskuratu eta kalera eramatea helburu duen ekitaldi honetan, herri osoak hartzen du parte.
• EUSKAL JAIALDIA:
San Juan jaietan euskal kultura bultzatu eta herri kirola kaleratu nahi izaten dugu eta horregatik, urtero, Euskal Jaialdia antolatzen dugu. Momentuko herri kirolaririk esanguratsuenak ekartzen ditugu herrira, aizkolariak, harrijasotzaileak... eta ikuskizun ederra eskaintzen dute, norgehiagoka ezberdin eta motzak tartekatuz.
• IKASTOLEN ALDEKO JAIAK:
Urte osoan Euskal Herriko ikastolen alde egiten diren jaiekin ...eta kitto! Euskara Elkarteak bat egiten du eta horrela, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinez ospatzen diren egunetan autobusak antolatzen ditugu Juan Antonio Mogel Guraso Elkartearekin elkarlanean.
• ILLUNABARRIAN:
Hilero, irailean hasi eta ekainera arte, hitzaldi zikloa eskaintzen du elkarteak Urkizuko lokalean. Arratsaldeko 19.00etan izaten da eta era guztietako hizlariak batu ditugu azkenengo urteetan.
• HARIXA EMOTEN:
Eibarko literaturazaleendako apropos sortutako programa da Harixa emoten. Irakurtzea gustoko duen taldea batu eta zein liburu irakurri nahi duten erabakitzen da. Guztien artean egun bat adostu eta literatura zaleak eta liburuaren egilea ...eta kitto!ko lokalean batzen dira.
• SAGARDO EGUNA:
Udazkenaren etorrerarekin batera, honez gero ohitura bihurtu den Sagardo Eguna antolatzen dugu. Hainbat sagardotegitako sagardoa ekartzen dugu Eibarrera, eibartarrei sagardo ezberdinak dastatzeko aukera eskainiz. Ekitaldi honekin gure kale presentzia nabarmendu nahi izaten dugu eta orain arte jaso dugun erantzuna, oso ona izan da. Edalontzia erosita eta pintxoez lagunduta, nahi beste sagardo dastatzea nori ez zaio gustatzen!
• UMEENTZAT IKUSKIZUNA:
Gabonak inguruan, urtero antolatu ohi dugu umeentzat ikuskizun berezia: Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek euren azkenengo lanak aurkeztera etortzen dira Eibar aldera. Emankizun bi eskaintzen digute egun berean eta bai ume zein helduen erantzuna, urtero, ezin hobea izaten da.
• GABONETAKO LOTERIA:
Gabon jaietan loteria ateratzen du ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Eibarko dendari, tabernari eta bazkideen laguntzari esker saltzen ditugu boletoak. Abenduaren 22ko zozketaz gain, otarra ere zozketatzen dugu egun batzuk lehenago.
• ARTISTA GAZTEEN ERAKUSKETA:
Gabonak inguruan, Eibarko Artista gazteei euren lana ezagutzera emateko plataforma eskaini nahi izaten diegu eta horrela, euren lanek osatutako erakusketa antolatzen dugu urtero.
• KIROLKITTO!:
Kirol taldeak euskalduntzeko ekimen hau, kirol taldeekin elkarlanean antolatzen dugu. Gabon Zahar egunean egiten dugun ekitaldian, urteko kirolaririk esanguratsuenei banatzen zaizkie sariak. Izena eta prestigioa duten sariak dira, urtean zehar egindako lana baloratzen dutenak. Urteari amaiera bikaina emateko modua hauxe.
|