2012/02/20
Amaieratik hasiko naiz gaurkoan: ‘the artist’ zinean ikusi beharreko filma da. Eta merezi du gainera.
Gogo askorik barik sartu nintzen Principe Antzokira; askotan gertatzen zait ustez hain ona den filma bat ikusi beharra dagoela dakizunean. Orokorrean ez ditut irakurtzen filma kritikak ikusi arte; ondoren ahalik eta gehien irakurtzen saiatzen naiz, baina oraingoan zaila zen pelikula honen inguruko informaziorik ez edukitzea. Trailerra ikusita nuen eta gustoko bere estetika, baina jaso dituen sari guztiak, twitter eta online irakurritako gauzek oso ondo jartzen zuten pelikula… Eta orain? Zer? Ikusiko dugu? Larregi esperoko dugu? Egia esan, espero baino gehiago gustatu zitzaidan eta espero nuena asko zen.
Txuribeltzean eta mutua da filma. Pelikula mutuen HollywoodLAND-eko izar handiaren istorioa. Honen beherakada eta izar berri baten gorakada. Istorioa ez da berria, baina mutua izatea, zuribeltzean izatea, jakina bazen ere, ezusteko ederra.
Ikusteko hainbat arrazoi: 20. eta 40. hamarkada gustoko duen edonork ikusi beharko luke filmea, maila gorenean adierazten du orduko estetika. Egoera eta aldaketen aurrean zalantza asko izaten duen orok ikusi beharko luke filma, zalantza gutxiago izango du eta aurrerantzean. Musika gogoko baduzu, BSO zalea bazara eta musika sinfonikoa atsegin baduzu, hau da zure filma.
Ezagunak egin dira aktore protagonistak (Jean Dujardin eta Bérénice Bejo), hala ere, ni oraingoan ere bigarren mailako aktoreetako birekin geldituko naiz: James Cromwell; egiten duen interpretazioa izugarria da (betiko moduan bestalde). Eta Penelope Ann Miller; ezer esan gabe (eta ez diot pelikula mutua delako bakarrik, esaldi bakarra esaten duelako baizik) aurpegiak guztia adierazten du.
Zinera gutxi joateko ohitura baldin baduzue, urtero filma bat baino ikusteko asmorik baino ez baduzu, hau aukeratzea izan daiteke ona. Ez da luzea egiten, gaur eguneko zinemagintzatik urruti dago eta musikak duen indarra ikusiko duzu. Zuzendariak eta bereziki produktoreek filma honekin egindakoa handia da. Inork oiñ urte bi zuribeltzezko filma mutu batek horrelakoa sortuko lukeela esanez gero, zoratuta zegoela esango genuke. Eskerrak noizbehinka horrelako zoroaldiak egiten dituzten hainbat zinemagilek.
Sailkatuta:
Zinea |
Komentariorik ez »
2012/02/15
Hotza, hotz handia egiten zuen asteburuan Euskal Herrian. Zinera joateko aukera ezin hobea. Krispeta edo palomitak erosi eta filma aukeratu: nik “palomita moment” deitzen dotenerako aukeraketa ona egin genuan gainera; “undeworld 4″.
Izenak berak esaten duen moduan, laugarren filma da; banpiro eta likantropoen arteko borrokak erakusten dituen filma, hain zuzen ere. Modan daude azken aldian banpiroak, nahiz eta ez diren gure gazte denboratako “el baile de los vampiros” edo Bram Stoker-en “Dracula” filmekoak modukoak.
Underworld sagako banpiroek, haginak baino, armak erabiltzen dituzte gehiago; likantropoak, berriz, bai dira betiko otso-gizonak.
Akziodun filma da, oso entretenigarria. Underworld 1 eta 2ren jarraipena (hirugarrenak atzera begirada egin zuen eta egia esan ez zen hain interesgarria edo animatua izan).
Oraingoan, Kate Beckinsale bueltatzen da; Selene-n pertsonaiak egin du ezagun seguru asko Beckinsale. Underworld 2 egin eta gero, bazirudien ez zuela nahi pertsonaiarekin jarraitzerik, baina bueltatu egin da… Eta bigarren horren jarraipena da: gizakiek banpiroak eta likantropoak daudela ikusita, horien kontrako gerra hasi dute. Selene harrapatu eta izoztu egin dute. Hainbat urte izoztuta egon eta gero, esnatu egingo da…
Akzio asko, tiro hotsak, sorpresa txikiren bat eta amaiera erdi irekia. Lehenengo filma ikusi nuenean, 2003an, ez zitzaidan larregi gustatu (haginka egiten ez duen banpiroa ez da banpiro), baina akziodunen filmetan sartuta, oraingoan ondo pasatu dut. Gainera, Barakaldoko zine areto handi batean ikusita, musika topera, adrenalina sustatzeko aukera ezin hobea izan zen. Ordu eta erdi ondo pasatzeko aukera ona.
Sailkatuta:
Zinea |
Komentariorik ez »
2012/02/07
Trailerra Donostian ikusita, gogoz joan gara ‘Another year’ pelikula ikustera. Mike Leigh da zuzendaria eta bere aurreko lanetako bat, ‘Vera Drake’, asko gustatu zitzaidan. Asteburuko eguraldi txarra dela eta, Eibarren ikustea tokatzen zen, ‘Coliseo’ antzokiko zine gela txikietako baten. Eta horrek beti du eragina, ‘Coliseoak’ beti du eragina, baina hori amaierarako lagako dugu.
Mike Leigh-ek modu gogorrean landu du 55 urtetik gorako ingelesen bizitza. Nik gogor esango dut, beraz, ‘depresioak jota bazaude ez ikusi pelikula hau’. 60 urtetik gora badituzu eta bikoterik ez baduzu, ez ikusi pelikula hau; zuk egindako hautuaz ziur ez bazaude behintzat.
Filma gogor hasten da, Imelda Stanton-ek pilulak behar ditu lo egiteko eta sendagilearengana doa. Stanton-en begiek duten indarra argi gelditzen da berriro ere. Horrela hasita, filma gogorra izango dela argi geldituko da; Hala ere, Stanton ikustea beti da gozagarria. Hor lehenengo sorpresa txarra: hasierako zatitxo horretan baino ez dugu ikusiko aktorea.
Eta jarraian, hirurogei urte inguru dituen bikotea, semea etxetik kanpo bizi da, bakoitzak bere lana du, gustokoa gainera eta pozik bizi dira. Horrekin batera lagun bi eta euretako baten anaia. Pertsonaia depresiboak, beti edateko prest. Eta edatearekin batera, euren barrenak soltatzeko erreztasuna duten lagunak. Edozein momentutan etxera etortzen diren horietakoak, euren bizitza txarra dela erakusten duten lagunak.
Asko gustatu zitzaidan pelikula egiteko modua. Isiltasuna zeinen gogorra izan daitekeen behin baino gehiagotan ikusi dugu zinean; baita oraingoan ere. Baina oraingoan pertsonaiak ez zaizkit sinesgarriak egin. Larregizkoak iruditu zaizkit; ez dago hirugarren adinera ailegatzerik, bikote barik, eta pozik bizitzerik? Ezkondutako bikotea eta maitemindu berri diren gazteak kenduta, danak triste? Larregizkoa, depresioak jotzeko arriskutsua. Trailerra ikusi genuenean, filma gazi-gozoa iruditu zitzaigun, tristea, baina barre batzuk ere egitekoa. Baina filma ikusterakoan tristura baino ez nuen sentitu. Asko gainera. Ez diñot horrelakoak ezkutatu behar direnik, baina trailerra ikusita, sorpresa handia izan zen, larregizkoa.
Eta gero Coliseoaren kontua. Ordu bi pasatxo antzokiko bigarren zine areto txikian. Edozein ipurdirako oso gogorra, bai ipurdi txiki bai ipurdi handiendako. Ez zait larregi gustatzen Coliseoa kritikatzea, hori baita dugun bakarra herrian. Baina horrelakoetan konturatzen naiz zergatik dudan Donostiara joateko ohitura.
Ordu bi pasatxo eman genituen bertan: atzekoren batek egindako zurrunga, aldameneko aretoko atea zabaltzen zenean sartzen zen musika… denetik izan genuen. Hau dana esanda, ez zen filma aukeraketa egokiena izan. Baina badakizue, nik beti esaten dut hobe filma zinean, etxean baino. Oraingoan baina, zuk edo ingurukoak depresioa bueltaka izanez gero, kontuz.
Sailkatuta:
Eibar, Zinea |
Komentariorik ez »
2012/01/25
Azken aste bietan ez dugu asmatu zinerako filma aukeratzerako orduan. ‘Sherlock Holmes: Juego de sombras’ ikusteko gogoz sartu nintzen Donostiako Principe antzokian. Guy Ritchiek egindako lehenengo Sherlock Holmes asko gustatu zitzaidan: Robert Downey Jr-ek eskaintzen digun Holmes berri hau oso interesgarria egin zitzaidan eta Rachel MacAdams aktorearen gaizto-gozo aurpegiak harritu ninduen. Baina…
Conan Doyle-k idatzitako liburuetako batzuk irakurri nituen gaztetan, baina onartu beharra dut, Holmes imajinatu behar badut ETB-ko marrazki bizidunak gogoratzen ditudala. Hori kontuan izanda, Ritchie-k lehenengo ‘Sherlock’-ekin egindakoak gustora laga ninduen orain urte bi.
Eta zer gertatu da oraingoan ba? Pelikularen hasierak laga ninduen harrituta: ez nekien Sherlock Holmes edo Bruce Lee ikusten nengoen. Gainera, Downey-ren esaldi batzuk entzunda gehiago ikusten nuen Iron Man filmeetako Tony Stark, aurreko Sherlock Holmes baino. Eta lehenengo filmean horrenbeste gustatu zitzaizkidan flashback modukoak, aspertu egin ninduten oraingoan, horrenbeste erabilita.
Hori bai, azkenean ezagutu dugu James Moriarty. Eta gehiago, Holmes eta Moriartyren artean dagoen harreman psikologikoa izugarria izan daiteke. Bigarren filme hau bi hauen arteko harremana aurkezteko baino ez dutela egin pentsatu nuen zinetik urten berri.
Baina, horrenbeste jauzi, kolpe, kung fu edo karate, ez zaizkit guztiz sinesgarri egin. Eta gainera Noomi Rapace (suediako Millenium-eko aktore nagusia): trailer eta abar guztietan Rapaceren parte hartzea azpimarratu dute. Hor duzue ba bere parte hartzea, ez duzue gehiago ikusiko filmean.
Eta guzti horretarako ordu bi pasatxo… Palomita edo krispetak jateko egokia, hori bai. Eta betiko moduan, golpe eta akzio askodun filmeak, hobe ikusten dira pantaila handian; prezioari buruz, hobe beste batean hitz egiten badugu.
Sailkatuta:
Zinea |
Komentariorik ez »
2012/01/25
Zineari bueltatxoa egiteko lehenengo filma ez dut gogoko izan; Millenium liburuetako lehenengoaren bertsioa egin dute AEBetan. Zuzendari ezaguna kontratatu (David Fincher), aktore ezagunak aukeratu (Daniel Craig, Christopher Plummer eta Robin Whright, besteak beste) eta ordu bi eta 40 minutuko filma egin dute.
‘Millenium 1: los hombres que no amaban a las mujeres’ best seller salduenetakoa izan da azkenengo urteetan; Stieg Larsson suediarrak idatzitako hiru liburuek arrakasta itzela izan dute; berehala prestatu zuten filma Suedian eta Noemi Rapace mundu mailan ezaguna egin zen berehala. 2012an AEBetako bertsioa ikusteko aukera izan dugu.
Suediarren filma ere ikusi nuen eta ez zitzaidan larregi gustatu: geldoa, ez oso ‘iluna’… Fincher-ek, berriz, asmatuko zuelakoan nengoen, baina ez da horrela izan.
Filma luzea da, liburuko detaile asko sartu nahi izan ditu; filma hasi eta kredituetan egiten duen argi jokoak gauza dinamikoagoa ikusiko genuela ematen zuen, baina filmak aurrera egin ahala erritmoa galdu egiten du. Liburuan bertan, gauzak azkenengo unean argitzen dira. Liburuaren ‘kalkoa’ egin nahiak izango zuen eragina beharbada.
Gero eta jende gehiagok dio liburuak zinera egokitzerako orduan, irakurleak gerturatzea nahi dela, ez zinezaleak. Horrenbesteraino aztertzeko kapaz ez naiz.
Hala ere, ikusteko gonbitea egitea nahiko nuke. Rooney Mara aktoreak egiten duen Salander ikustekoa dela esango nuke. Hasierako emakume gogorra eta amaieran erakusten duen ahultasuna azpimarratzekoa da. Hona hemen trailerretako bat.
Badago ni baino askoz kritikoagoa izan denik, ‘Las horas perdidas’ webgunean egiten dioten errepasoa gogorra da benetan.
Blog honetan idazten dudan lehenengo eguna izanik, ez dakit oso ondo hau izango den jarraituko dudan ildoa. Jende gutxik irakurriko duenez, lasai nago…
Sailkatuta:
Zinea |
Komentariorik ez »
2012/01/18
Hilabeteak dira etakitto.com webguneko atal berri honetan parte hartzeko eskaria jaso nuenetik. Webgunea diseinatzen, Iban-ekin berba egin eta gairen baten bueltan zer edo zer edukiko nuela kontatzeko azpimarratzen zuen. Nik ezetz, horrelakoetara ez nagoela ohituta, eta nere burua ez nuela ikusten. Bilera bat egiten genuen bakoitzean berdinarekin jarduten genuen, gora eta behera.
Lagun batek bota zuen azkenean baiezkoa emateko arrazoia: “zinetik urtetzen garan bakotxian horren bueltan ematen dogu tartetxua berbetan. Hori hartzen badozu gai moduan?”
Bueno, ba, horrela izango da, zinetik irtenda, kafe hutsa hartzeko ohitura handia daukat, beti izotzarekin, eguraldia kontuan izan barik. Eta horretan jarduten dogu, ikusitakoa komentatzen. Nik “pelikula palomiteruak” deitzen ditut guk ikusten ditugunak, baina horren inguruan hitz egiteko aprobetxatuko dogu, zuei ondo irudituz gero.
Sailkatuta:
Zinea |
Komentariorik ez »