Gaur erabakiko da Egunkaria epaitu ala ez

Gaur erabakiko da Egunkaria epaitu ala ez
2014/09/19 00:00
eta kitto!

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Egunkaria auziko pieza ekonomikoaren epaiketa egin edo ez aztertuko du gaur eta auzipetuei babesa eman eta auzia salatzeko hainbat ekimen egin dira aste honetan (atzoko elkarretaratzea tarteko), Egunkariaren alde elkarteak antolatuta. Sorrera 2003ko Madrilgo Exekutiboan eta garapena Madrilgo Auzitegi Nazionalean izan arren, Gipuzkoako epaileei erori zaie altzora auzia: hangoek hasitakoari hemengoek amaiera eman behar.
Inoiz izan behar ez zen Egunkaria auziak 2010ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean egindako epaiarekin behin betiko amaitu behar zuen, baina honaino jarraitu du eta kaltea jada eginda dago. Euskal jendartearen memoria kolektiboan iltzatuta iraungo du Egunkariaren itxiera eta auziak: kalte pertsonal eta sozial larriak egin dira jada, eta oraindik ez dira amaitu. Auzitegi Nazionalak berak absolbitu egin zituen auzipetuak, eta kalteen aitortza ere egin zuen hein batean; ordainik ez omen da izango, ordea. Auzia dagoen horretan bertan behera lagatzea da orain irteera egokienetzat jotzen dena.
Gauzak horrela, ‘Epaiketa gehiagorik ez EGUNKARIAri’ atxikimendu kanpaina abiatu dute. Atxikimenduak egiteko: http://egunkaria.info/?page_id=1226.