UEUren 42. Udako Ikastaroak prest

UEUren 42. Udako Ikastaroak prest
2014/06/11 eta kitto!

Gaur (eguaztena, hilak 11) aurkeztu dituzte Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako 42. Udako Ikastaroak Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Irati Iciar udako ikastaroetako arduradunak eta Esther Kareaga udaleko Euskara eta Kultura batzordeetako buruak. Orotara 42 ikastaro (berez lau jardunaldi eta 38 ikastaro izango dira) prestatu dituzte uda honetarako eta horietatik 25 Eibarren bertan, Markeskua jauregian emango dituzte, "iazko arrakasta errepikatzeko asmoz". Eibarren ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean eta uztailaren 14tik 18ra emango dira; Baionan uztailaren 9tik 11ra; eta Iruñean uztailaren 21etik 23ra.
Iciarrek azaldu duenez, "ikastaroak sei jakintza arlotan banatuta egongo dira: artea eta musika, giza-zientziak, ingeniaritza eta teknologia, zientzia aplikatuak, zientziak eta gizarte zientziak. Denen artean azken hori izango da jakintzarik nagusiena". Oro har ikastaro laburrak izango dira, batzuk espezializatuak, beste batzuk dibulgaziokoak eta garapen pertsonalerako ikastaroak ere badaude. Eskaintza osoa eta ikastaro bakoitzari buruzko informazio zehatza www.ueu.org helbidean kontsultatu daiteke. Matrikula betetzeko ere helbide horretara jo daiteke eta, betiko lez, Eibarko Udalak diru-laguntzak emango dizkie ikastaroetan parte hartzen duten eibartarrei. Jarraian, Eibarren eskainiko diren ikastaroen zerrenda osoa:

Eibarko Ikastaroak
Sorgin onari ez diot sudur zorrotza jarri nahi! Pertsonaiak eraikitzen (uztailak 1-2)
Proposamen eszenikoetan hezkuntza eta bitartekaritza txertatzen (uztailak 16-18)
Musikaren erabilera eta bizipena Haur Hezkuntzan (ekainak 30-uztailak 1)
Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara (uztailak 16-17)
Literaturaren ahozko baliabideak: zelan kontatu ipuinak eta olerkiak haurrei (uztailak 3-4)
Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza (uztailak 16-17)
Nerabearen eta irakaslearen arteko harremanak landu: gelako ikasgiroa hobetu (uztailak 14-15)
Arte eszenikoekin ikasten: landu hezkuntza proiektuak, konpetentziak eta osatu ikaste prozesu parte-hartzaileak (uztailak 16-18)
Generoaren tratamendua kazetaritzan (uztailak 14-15)
Publizitatea euskaratik eta euskaraz: nola asmatu zure erakundearen komunikazioan (uztailak 1-2)
Herrigintza eta formakuntza politikoa (ekainak 30)
Mendi-ibilaldien mikrosoziologia: ezezagunak lagun egiten (uztailak 3-4)
Aniztasunaren kudeaketa estaturik gabeko nazioetan (uztailak 14-15)
Gazteriaren erronka sozioekonomikoak gazteon ikuspuntutik (uztailak 16-17)
Datuen Babesa gertutik: datuak babesteko egungo erronka (uztailak 3-4)
Euskal Herriko lan-harremanen eredua: oraina eta geroa (uztailak 14)
Autoeraikuntza, abagune jasangarria (uztailak 17-18)
3Dko inprimagailuak egunerokotasunean (ekainak 30- uztailak 1)
NoSQL datu-baseak. MongoDB (uztailak 2-3)
Bertsio-kontroleko sistema banatuak: git eta github (uztailak 16-17)
Oinarrizko estatistika R software librearen bidez (uztailak 14-15). Bete egin da, baina itxaron zerrenda dago.
X izpiak eta neutroiak: materia aztertzeko zunda apartak (uztailak 1-2)

Jardunaldiak
Euskal komunikazio-eremua: ikerketa eta ekintzarako gure bideen bila. Euskal Hedabideen Behategirantz jardunaldia (uztailak 1)
Agroekologia, ikuspegi sozialetik gizarte eraldaketara (uztailak 3-4)
Hondakinen kudeaketa eta tratamendua: konposta (uztailak 14-16)