Plazatik Gaztetxera azken txanpan sartu da

Plazatik Gaztetxera azken txanpan sartu da
2014/05/22 00:00
eta kitto!

Eibarko gaztetxeak Euskal Herri mailan jokatzen ari den Plazatik Gaztetxera XIII. Bertsolari Gazteen Txapelketako kanporaketa hartu zuen aurreko asteko barixakuan (ikus argazkiak). Antzuolako Gaztetxea, Mutrikuko Gazte Asanblada, Akerbeltz Gaztetxea, Debako Gazte AsanbladaElgoibarko Gazte Asanblada, Soraluzeko Gazte Asanblada eta Eibarko Gazte Asanbladak antolatutako Plazatik Gaztetxera Txapelketa maiatzaren 9an abiatu zen Antzuolako gaztetxean eta Soraluzen amaituko da, maiatzaren 31n. Txapelketaren barruan zazpi saio egingo dira guztira eta parte hartzen duten 32 bertsolariek herririk herri egiten ari diren kanporaketetan euren onena ematen dabiltza eta, aurreko edizioetan egindakoaren bidetik, aurten ere bikoteka dihardute bertsotan.
Bertaratutakoek diotenez, "Urkizu aldean ospatzen ari ziren jaietako musika hotsak kanporaketa apur bat lorrindu zuen arren, bertsolariek kontzentrazioari eusteko gauza izan ziren eta ale ederrak entzuteko aukera izan genuen Eibarko gaztetxean batutako 60 bat lagunek". Saioan bertsotan jardun zutenetako batzuk finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuten, baina edozein modutan ere, inor ez zen esku hutsik etxera bueltatu, txapelketa antolatu duten gazteek bertsolari guztiei liburu erotiko bana oparitu zieten-eta. Eibarko kanporaketan Jon Gurrutxaga & Josu Oiartzabal, Jon Mikel Mujika & Aimar Goenaga, Eneritz Arzallus & Eneritz Artetxe eta Manu Goiogana & Jokin Bergara lehiatu ziren eta Eibarkoarekin batera, beste hiru kanporaketa jokatu dira Antzuolan, Mutrikun eta Deban. Beraz, lau kanporaketak jokatu eta gero, barixakuan (hilaren 23an) Markina-Xemeinen eta zapatuan (24an) Elgoibarren jokatuko diren finalerdietan arituko diren bertsolari-bikoteak erabakita dago. Markina-Xemeineko saioan Adur Gorostidi eta Asier Azpiroz; Manu Goiogana eta Jokin Bergara; Maddi Sarasua eta Manex Astigarraga; eta Eneko Arrate eta Malen Amenabar lehiatuko dira. Eta zapatuan Elgoibarren egingo den saioan, berriz, Mikel Artola eta Haritz Mujika; Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz; Eneritz Arzallus eta Eneritz Artetxe; eta Saioa Alkaiza eta Irati Majuelo arituko dira nor baino nor.