Markos Gimeno Vesgak "131 aza" palindromo liburua aurkeztuko du gaur

Markos Gimeno Vesgak "131 aza" palindromo liburua aurkeztuko du gaur
2014/10/21 eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 21) 19.00etan Markos Gimeno Vesgak 131 aza palindromo ariketen liburua aurkeztuko du Portalean. Lana "crowfunding" bidez finantzatutako autoedizioa da eta aurtengo maiatzean eman zuen argitara "IPC- Club Palindromista Internacional" eta "Movimiento Literario Palindromico ReveR" taldeetako kide aktiboa den egileak. Liburuan 9 letrako palindromoetatik hasi eta 97 letra arterako testu simetrikoak topatuko ditu irakurleak, "proposatzen den jolasean sartzen ausartuz gero". Jolas hori zerorajasoa.com blogean hasi zen, ia blogaren sorreratik, 2007an eta, egilearen berbetan, "palindromo ariketek garapen bat izan dute harrezkero, hasierako jolas informala zena denborarekin asteleheneroko 'aza' bilakatu da. Asteroko jolasa izan da, eta hala jarratitzen du, interneten. Liburu hau, azken urteotako blogaren jarduneko bilduma da, ariketa berri batzuk gehituta". Horrekin batera, aurreko asteaz geroztik eta urriaren 30era arte liburuaren egileak 11 hizpilu erakusketa dauka ikusgai Portalea tabernan. Aurkezpena Untzagan dagoen Liburu eta Disko Azokaren harira antolatu dute.