Asteburu mikologikoa Deporren eskutik

Asteburu mikologikoa Deporren eskutik
2014/10/17 00:00
eta kitto!

Berrikuntzekin datoz XVI. Jardunaldi Mikologikoak, tartean hainbat tabernatan egingo den perretxiko pintxo dastatzea eta herri-kirolen saioa. Gaur (barixakua, hilak 17) Aranzadiko Pedro Arrillaga mikologian adituak hainbat nozio orokor erakutsiko ditu: perretxikoak non sortzen diren, noiz, sailkapena, ezaugarriak, pozoitzeak... (Deporren, 19.00etan). Bihar goizean herriko ikastetxeetako haur eta gurasoz osatutako hiru autobus abiatuko dira Ego-Gaieko autobus geltokitik perretxiko batzera. Jasotako espezieak Klub Deportibora eramango dira eta, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzaz, euren aukeraketa eta sailkapena egingo da. Zapatu arratsaldeko 18.00etatik gaueko 22.00etara, Hirurok, Kultu, Ongi Etorri, Lanus, Ez Dok eta Depor tabernetan perretxiko pintxo dastaketa egingo da. Bihurri aizkolariak, bestalde, herri-kirol saioa antolatu du, haur eta helduen parte-hartzea girotzeko. Etzi goizean, betiko moduan, jasotako espezieen erakusketa egingo da Toribio Etxebarria kalean, jatekoak eta jatekoak ez direnak bereizteko aukera eskainita. Mikel Lasa hernaniarrak, bestalde, produktu mikologikoak jarriko ditu salgai bere postuan; eta Mendi Taldeko kideek pintxoak prestatuko dituzte, momentuan sukaldatutako perretxiko eta onddoekin, edariarekin batera jendearen artean saltzeko. Aurtengo edizioa Deporren egingo den dastatze bazkariarekin amaituko da.