Euskal Selekzioaren ekipazioa aurkeztu dute gaur Ipuruan

Euskal Selekzioaren ekipazioa aurkeztu dute gaur Ipuruan
2014/10/27 eta kitto!

Astore etxeak sortuko ditu datozen bi urteetan Euskal Selekzioaren jantziak eta gaur (astelehena, hilak 27) Eibarren, Ipurua zelaian ekipazio berria aurkeztu du Astorek, Euskadiko Futbol Federakuntza zein Athletic, Eibar eta Errealeko jokalariekin batera. Talde armagiñaren eta Astoreren arteko harremana luzea da, 1991az geroztik Eibar K.E.-ko jokalarien jantziak diseinatu ditu eta. Ekitaldia Luis Maria Elustondo Euskadiko Futbol Federakuntzako Presidenteak eta Rikardo Idiakez Astoreko komunikazio zuzendariak hasi dute eta, ondoren, Athletic (Mikel Rico eta Eli Ibarra), Eibar (Eneko Boveda, Dani Garcia eta Laura Prieto) eta Errealeko (Maialen Zelaia) jokalariak zelaira irten dira, "Jatorrian txiki, garaipenean Handi" goiburuari jarraituta sortu duten ekipazioa erakusteko. Gaur erakutsi dituztenak abenduaren 28an San Mamesen jokatuko den Euskadi-Catalunya partiduan jantziko dituzte.