Eibar KE-k lortu du kapital-handitzea

Eibar KE-k lortu du kapital-handitzea
2014/07/15 eta kitto!

Atzo arratsaldean (martitzena 15) 90 urteko Luis Mari Zendoia Elorzak harpidetutako 46.200garren akzioarekin Eibar KE-k kapital-handitzearen gutxieneko kopurua lortu du: 1.724.272,95 euro. Klubeko bazkide, akzionista eta jarraitzaile horrekin lortutakoarekin, dena dela, ez da amaitzen akzioen salmenta, akzionisten azken batzarrean 1.980.000 euroko kopurura heltzea onartu baitzen; interesatuek, beraz, aukera dute oraindik akzioak erosteko. Klubaren web-ean zabaldutako akziometroak harpidetutako kopuruaren %100 hartzen du dagoeneko eta oraindik erosi ez dutenei uztailaren 21ean baino lehen hori egitera animatzen die.
Kapital-handitzearen datuei erreparatuta, aurretik akzionista zirenek bakarrik erosteko aukera zuten lehenengo fasean 3.069 akzio harpidetu ziren. Bigarren fasea maiatzaren 7an hasi zen eta salmenta asko indartu zen, batez ere on-line akzioen salmentari esker. Akziometroak ere garrantzi handia izan du horretan, berari esker 12.500 akziotik gora saldu baitira 48 herrialdetan. Aipatzekoak dira ere 70etik gora enpresa akordioak; 10etik gora prentsa-aurrekoak; 80tik gora prentsa-oharrak; egindako ekitaldiak (hasi Madrilen maiatzaren 20an egin zenetik eta joan zen astean Donostiako Aquariumean eta Bilboko Itsas Museoan egindakoekin amaitzeko); klase politikoak ahobatez kluba babestea; 700etik gora artikulu, erreportai eta iritzi, estatu osoan eta nazioarte mailan prentsa idatziak, telebistak eta irratiak kaleratutakoak; nazioarte mailan prozesuak izan duen eragina, bai komunikabideei eta baita sare sozialei esker; Eibar KE "trending topic" izatea hainbat alditan azken asteetan; eta, nola ez, akzioak 48 herrialdetatik erosi dituztela.