Koko-marruak Otaola-Kiñarra aldeko baserrietan ibiliko dira aurten

Koko-marruak Otaola-Kiñarra aldeko baserrietan ibiliko dira aurten
2015/01/26 eta kitto!

Datorren otsailaren 7an, zapatuan, irtengo dira Kezka dantza taldearen koko-marruak, Otaola-Kiñarra aldeko baserrietan koko-dantzak eskaini eta koko-eskean ibiltzeko. Goizean goiz, 08.30ean Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak. Ondoren, aurreko urteetan egindakoaren bidetik, talde bitan banatuko dira baserrietako kalejirari ekiteko: batzuk Txontatik gorako bidea oinez egingo dute eta Mertxete, Iraegi, Areta eta Aretabeletxe baserriak izango dira lehenengo geltokiak. Handik mendi-pista bat hartu eta Altamira-erdikoa baserrira joango dira. Han bigarren taldearekin bat egin eta hortik aurrera denek elkarrekin jarraituko dute. Bitartean, bigarren taldeak Sautxitik gora Iragorri baserrian egingo du lehen dantza saioa. Iragorritik Azitain aldeko Loiola, Egiguren, Ixkue, Azitaingo erretegia eta Txopen baserrietan geldituko dira. Altamira-erdikora ailegatu baino lehen, Otaolaerdikoa eta Ipurua baserrietan ere geldituko dira: "Bi taldeak Altamira-erdikora ailegatzen garenean bertan dantza egin eta oinez jarraituko dugu ibilbidea. Urki aldeko Altamira-behekoa eta Kantina baserriak bisitatuko ditugu ondoren eta, amaitzeko, Txonta aldera joango gara denak. Han Lekamendi, Urkiditorre eta Bolingua baserrietan gelditu eta azken horrekin amaituko dugu lana".
Koko-festa kalean
Iluntzean, 19.00etan anbulategiko parkean elkartuko dira koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiltzeko: "Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera. Egun horretan dantzarako prest izateko bihar (martitzena, hilak 27) eta datorren asteko martitzenean (otsailaren 3an), koko-dantzak ikasteko entseguak antolatu dira arratsaldeko 20.00etan Portalean, dantza aretoan".