Gaur abiatuko dira Legarreko jaiak

Gaur abiatuko dira Legarreko jaiak
2014/09/19 eta kitto!

Gaur 20.00etan txupinazoarekin hasiko dira jaiak Legarren. Jarraian, Legarreko zaharren egoitzatik jaietako txosnaraino kalejiran joango dira denak, trikitilari eta buruhandiak lagunduta eta, behin hara ailegatuta, patata-tortila txapelketa hasiko da. Tortilak egiten amaitu eta segidan, 21.00ak aldera auzoko umeendako afaria prestatuko dute eta, afalostea girotzeko, auzokoek txisteak kontatzen jardungo dute, 22.30etan disko jartzaileak eta dantzarako musika ailegatu arte.
Eta bihar eguerdian berriz ere trikitilariek lagundutako kalejira eginda ekingo diote jaiari. 12.30etatik aurrera txorizo pintxo-potea egingo da Piztu elkartean eta jarraian umeendako joko eta bestelakoak egingo dituzte. Herri bazkaria 14.30etan hasiko da eta, jandako guztiak pixka bat "jaitsi" nahi duenak horretarako aukera edukiko du, 16.30etan Etel eta Agirrerekin dantzaldia hasiko da. Ordubete geroago Trastelekua umeendako ikuskizuna eskainiko dute Zurrumurru taldekoek eta 19.00etan txokolate-jana hasiko da. Iluntzean kalejira egingo dute, buruhandiekin eta 20.30etan Xero Xietterekin erromeria giroan dantzan egiteko aukera edukiko dute nahi duten guztiek. Eta jaiak agurtzeko, 23.00etatik aurrera Legarreko musika lokaletan entsaiatzen dutenetako talde bik, The Vartools eta Norman taldeek kontzertua emango dute.