Dena prest Goimendiko santixauak ospatzeko

Dena prest Goimendiko santixauak ospatzeko
2014/07/24 00:00
eta kitto!

Azula-Goimendi auzoan bihar (barixakua, hilak 25) ospatuko dituzte Santixau jaiak. Egitarauari 11.00etan ekingo diote, Azurtzako Santiago ermitan egingo den mezarekin eta, ondoren, urtero lez soka-dantza eskainiko dute Kezka dantza taldeko kideek (12.00etan). Hortik aurrera, egun osorako egitaraua prestatu dute: 12.30etan Anjel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu bertsolarien saioa hasiko da eta, hori amaituta, Jon Ostolaza eta Unai Andonegi trikitilarien txanda izango da. 13.00etan umeendako jolasak egingo dira eta arratsaldean, berriz, 18.00etatik aurrera herri kirolekin jarraituko du jaiak: Eneko Otaño eta Aratz Mugertza aizkolariek eta Izeta III.a harrijasotzaileak jardungo dute. 19.00etan Peñagarikano eta Irazu bertsotan hasiko dira eta, ondoren, erromeria hasiko da Jon Ostolaza eta Unai Andonegi trikitilariekin. Tartean urdaiazpikoaren zozketa egingo da eta txokolatea banatuko dute.