Barrenako jaiak ospatuko dituzte zapatuan

Barrenako jaiak ospatuko dituzte zapatuan
2014/09/12 00:00
eta kitto!

Paella eta tortila lehiaketak eta mus txapelketa izango dira Barrenako jaietako protagonista nagusiak. Azitaingo gasolindegiaren aurreko parkean egingo dira lehiaketak eta han izango dira umeendako jolasak ere, arratsaldeko 16.30etatik aurrera. Paellarako (10 lagunentzako kazuela) bikote bakoitzak eraman beharko ditu bere tresnak. Parte hartzeko izena parkean eman daiteke lehiaketa hasi aurretik (12.30etan). Paellak 14.00etan aurkeztuko dira epaimahaiaren aurrean eta sariak handik ordu erdira banatuko dira. Jarraian, jakina, herri-bazkaria egingo da paellekin: helduek 10 euro ordaindu beharko dute eta umeek doan izango dute. Mus txapelketa azkarra jokatuko da bazkalostean, 17.00etan hasita, Gure Kaiola eta Bodega Vinagre tabernen artean banatuta. Euretako edonon emon daiteke izena parte hartzeko, 16 euro ordainduta. Sariak honakuak izango dira: irabazleak bildutakoaren %40a, garaikurra eta Azitain jatetxean bi lagunendako afaria eramango ditu; bigarrenak batutakoaren %20a eta otarrainska kaxa bi; hirugarrenak bildutakoaren %15a eta txanpan botila bi; eta laugarrenak batutakoaren %5a eta ardo botila bi.
Berritasunetako bat patata-tortila lehiaketa da. Hor guraso batek hartuko du parte, seme edo alaba batekin batera. Antolatzaileek arrautzak eta patatak emango dizkiete eta, behin 19.00etan hasita, 20.00etan epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dira, jarraian herri-afarimerienda egiteko. Hor ere umeek doan izango dute, helduek bi euro ordainduko dituzten bitartean. Jarraian, egitarau osoa:

12.30.- Paella lehiaketaren hasiera.
14.00.- Paellak epai-mahaikoei aurkeztea.
14.30.- Sari banaketa eta herri bazkaria.
16.30.- Umeendako jolasak.
17.00.- Mus txapelketa azkarra (Gure Kaiola eta Bodega Vinagren).
19.00.- Patata tortila txapelketa.
20.00.- Epai-mahaikoei tortilak aurkeztea afari merienda.