Karpa, elkarretaratzea eta antzerkia indarkeria matxistaren kontra

Karpa, elkarretaratzea eta antzerkia indarkeria matxistaren kontra
2014/11/25 00:00
eta kitto!

Gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxista salatzeko eguna da eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte udalak eta herriko emakumeen elkarteek. Mujeres al Cuadrado Emakume Elkarteak antolatuta, gaur goizez eta arratsaldez (16.00etatik 19.00etara) "Azaroak 25 eta genero indarkeria" informazio karpa egongo da zabalik Untzagan. 19.00etarako, berriz, elkarretaratzea deitu dute eta 20.00etan, Plataforma Tiranteren eskutik, La maquina del dueño izenburuko antzezlana taularatuko da Portalean (areto nagusian). Eta gaurko egunaren inguruan antolatu duten egitarauak datozen egunotan jarraipena izango du: eguenean (hilaren 27an) 19.00etatik aurrera "Viaje al centro del corazon" liburua aurkeztuko du liburutegian Leticia Martinez-Alcocer egileak. Eta hilaren 29an, Beldur Barik lehiaketako sariak banatuko dituzte Urretxun egingo den jaialdian.
Sexu-eraso saioa asteburuan
Udalak erabat gaitzetsi du Eibarko neska gazte batek aurreko asteburuan, azaroaren 23ko goizaldean jasan zuen sexu-eraso saioa eta, aldi berean, "gertakariak salatzean biktimak erakutsi duen balentria eta adorea azpimarratu nahi ditu, horixe delako bortizkeria matxistari aurre egiteko bidea". Gertatutakoaren inguruan helarazi duen idatzian diotenez, "udalak sexu-biolentziaren edo bortizkeriaren adierazpide guztien aurrean, bere gaitzespenik irmoena erakutsi nahi du; eta Berdintasun arlotik gidatuta, bere konpromiso sendoa erakutsi nahi du udal politikagintza aktiboa garatzeko bidean, politika integrala eta koordinatua, biolentzia edo bortizkeria sustraitik bertatik ateratzekoa. Biolentzia sexistaren kontra aritzeko, prebentzioa landu behar da, eta udalak horren aldeko apustua egiten du, biolentzia matxistarena kezkatzen gaituen errealitate bat delako". Horrekin batera, udalak herritar guztiei dei egiten die azaroaren 25aren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko.