Hiru etxebizitza enkantera ateratzea galarazi dute

Hiru etxebizitza enkantera ateratzea galarazi dute
2015/01/09 eta kitto!
Gaur goizean (barixakua, hilak 9) Kaleratzeak Stop Debabarrena plataformak deituta elkarretaratzea egin da Eibarko epaitegiaren parean, gure herriko hiru etxe enkantera ateratzea galarazteko asmoarekin eta helburua bete dute, Barclays-ek enkantea bertan behera lagatzea erabaki du eta. Igeltseritza enpresa txiki bat salbatzeko asmoz hiru familiak mailegu guztiak batu eta euren etxeak abal moduan ipini zituzten, baina bankuari ordaintzeko arazoak izatean bankuak etxeak enkantera ateratzea erabaki zuen. Kaltetuek beste prozesu judizial bat zabalik zutela eta, azken momenturaino itxaroten egon dira plataformako kideei mobilizazioetarako baimena emateko. Atzo arratsaldeko lehen orduan horretarako baimena eman eta, horren berri izatean, bankuak enkantea bertan behera lagako zuela aurreratu zien plataformakoei eta gaurko hitzordua lotu dute, kaltetuoi ordaintzeko moduko kuotak nola ezarri eta horrela euren etxeak galtzea nola saihestu adosteko. Gaurko elkarretaratzean plataformako kideekin batera Miguel de los Toyos alkatea egon da, "herritarren izenean kaltetuei babesa emateko".