3.000 euro Gazan bizi direnei laguntzeko

3.000 euro Gazan bizi direnei laguntzeko
2014/07/21 eta kitto!

Gazan bizitzen ari diren egoera dela-eta, Eibarko udalak 3.000 euroko emergentziazko laguntza ematea erabaki du, 2009an egin zuenaren bidetik. Laguntza Eibar-Ermuko Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko da, Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren aurrean Gurutze Gorriak egin duen laguntza eskaera dei larriari erantzunda. Izan ere, Gurutze Gorriak eta Ilargi Gorriak alarma guztiak piztu dituzte lurralde palestinarrean dagoen osasun-arreta premia ikaragarria delako. Ingururako alerta maila dagoen handiena, 5. mailakoa da. Israelen azken erasoek, besteak beste, Ilargi Gorriaren azpiordezkaritza eta hiru anbulantzia suntsitu dituzte. Horrez gain, langile eta boluntario batzuk ere zauritu dituzte. Nazioarteko laguntza-mugimenduak 1.000 palestinar eta 700 boluntario dauzka inguru hartan beharrean eta orain arte 60.000 laguni arreta eskaini diete.
Gurutze Gorriak datozen sei hilabeteetan milioi bat euro batu nahi du, Ilargi Gorriak kalkulatutakoaren arabera, kopuru horrek orain arte kaltetu dituzten 316.000 lagunei arreta eskaintzeko beharko duten diruaren hamarren bat osatuko luke-eta. Gurutze Gorriak ezarri dituen lehentasunak larrialdietarako osasun zerbitzuak eskaintzea, zaurituak ebakuatzea, larrialdietarako kit-ak banatzea, kaltetuei laguntza psikosoziala ematea, azpiordezkaritza berreraikitzea eta suntsitutako anbulantziak ordezkatzeko berriak erostea dira.