Teresa Toda, Sare-ko partaidea: “Dispertsioarekin amaitzeko, bultzada indartsuena Euskal Herrian eman behar dugu”

Teresa Toda, Sare-ko partaidea: “Dispertsioarekin amaitzeko, bultzada indartsuena Euskal Herrian eman behar dugu”
2014/12/15 00:00
eta kitto!

- Zergatik sortu zenuten Sare herri-plataforma?
Urteetan nabaria izan da, eta da, euskal jendartean badagoela beharra eta borondatea presoen -eta senideen- eskubideen defentsan aritzeko. Urtarrilaren manifestazio erraldoiaren ostean, ibilbide politiko zein pertsonal ezberdinetako lagun batzuk hasi ginen bueltak ematen indar eta behar hauei tresna bat eskaintzeko, non preso zein senideen eskubideen alde lan egiteko prest legokeen edonork bere tokia izango lukeen. Argi geneukan ahalegin horretan ezberdinen artean aritu behar ginela, jendartean hain zabalduta dagoen aldarrikapena indartzeko. San Telmoko adierazpena aurkeztu genuen eta, ondoren, Herritarren Jardunaldia antolatu genuen Eskoriatzan: hor sujerentzi eta proposamen asko jaso genituen. Ekainaren 15ean, San Telmon berriz ere, Sare aurkeztu zen.

- Elkartearen helburuak betetzen doaz? Horren inguruan, zer da baikorrena? Zer ezkorrena?
Geure buruari jarri genizkion helburuak betetzen goaz. Ibilbide labur honetan, zaila da baikorrena zein den zehaztea; Sareren inguruan biltzen diren lagun berriak eta anitzak, elkartasunaren arloan esperientzia handia duten pertsonak ere atxikitzea... Oso polita eta baikorra iruditzen zait hainbat herritan ideia berriak sortzen direla ikustea, edo sortzaile taldeen bileretan… Gure web-gunea begiratzen duenak, aukera izango du aberastasun horretaz jabetzeko. Ezkorra... Estatuen jarrerak preso eta senideekiko ezkorra izateko motiboak ematen ditu, baina ezin gara hor geratu, gure indarretan sinetsi behar dugu. Gai gara aurrean dugun hesi
erraldoia zulatzeko. Bestalde, nire ustez, gazte gehiago behar ditu Sarek. Lanean, ez bakarrik deitzen diren mobilizazioetan. Eskubideen defentsa denon lana da, belaunaldi artekoa.

- Zelan erantzun du jendeak, orokorrean?
Ondo eta konpromisoarekin. Sarek ez die gauza handirik eskatzen berarengana hurbiltzen diren lagunei. Bakarrik zintzoki aztertu dezala zer egiteko edo emateko prest dagoen: uneko laguntza edo eguneroko lanerako konpromisoa. Sarek eskatzen duen bakarra hartutako konpromisoa betetzea da. Herriz herri gabiltza aurkezpenetan eta garrantzitsuak dira ekarpen guztiak, bidean eta bidelagunekin asmatzeko.

- Estatuetako gobernuen aldetik mugimendurik nabari duzue? Onerako, txarrerako?
Agerian dago azken egunetan zein den Gobernu espainolaren jarrera, eta badakigu Gobernu frantsesak horren segida egiten duela. Txarrerako, dudarik gabe. Urteak daramatzate legedia bihurritzen haien interes politikoetara moldatzeko eta badira urte batzuk Europatik atentzioa deitzen ari dietela. Baina temati jarraitzen du Madrilgo Gobernuak, orain zigorren konputuekin. Zalaparta handia sorrarazten dute legea bete behar dutela esaten zaienean. Eta hori da Europak esaten diena; baita euskal jendarteak eskatzen duena ere.

- Dispertsioaren liburua kaleratu berri duzue. Zenbat ale, non eskuratu daiteke?
Gure asmoa da 500.000 ale munduan zehar barreiatzea, Euskal Herritik hasita: erronka potoloa. Eskuekin heltzeko liburuak zein liburu birtualak, PDFn eta beste formatu elektronikoetan, web-etan ondo bidaiatu dadin. Herrietako Sareen bidez eskuratuko dira.

- “Zuzen Bidean" Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren alde egin duzue. Zergatik?
Alde bere zentzu orokorrean; gogoeta gehiago merezi du eta egingo dugu. Sarek bere planteamenduan azpimarratzen dituen puntu asko jasota daudelako. Hori da, dispertsioa jasanezina dela, gehitutako zigorra dela preso eta bereziki haien senideengan, eta amaitu behar da. Erabaki politiko zehatz baten ondorioa da, mina egiteko, eta erabaki politikoa izango da dispertsioari amaiera jarriko diona. Hemen hasi behar da dispertsioa itoko duen uholdea, hemen hasi eta mundu zabalean indartu.

- Zuk pertsonalki bizi izan duzu espetxealdia. Zein ikasbide atera duzu hortik?
Asko ikasten da espetxean, bai. Gauza onak eta txarrak. Onenen artean, kidetasuna eta elkar zaintza. Azterketa pertsonalerako aukera ematen du espetxeak, eta zintzoki egiten baduzu, zure buruaz asko ikasten duzu. Aldatzen zara, neurri batean edo bestean. Minaren mila aurpegi ezagutzen duzu. Geure kasuan, horretarako expreski sortutako dispertsioak eta bizi baldintza bortitzak; preso politikoetatik haratago, espetxeak minez beteta daude. Preso sozial askoren egoera larria da, bereziki kanpotarrak direnak.

- Epe laburrera, zeintzuk izango dira eman nahi dituzuen hurrengo pausuak?
Erronka handia daukagu hemendik gutxira: Bilbon urtarrilaren 10ean egingo den mobilizazio erraldoia. Euskal Herrira NOW -orain, ahora, maintenant…- leloarekin hori irudikatu nahi dugu, Euskal Herritik mundura zuzentzen garela. Liburuxkak lagunduta, gure aldarrikapenak ahalik eta urrunen iristea nahi dugu, eta iristen diren tokietan -herrikoiak edota instituzionalak oihartzuna izatea. Informatuta izatearen ondorioz, konpromisoak eta ekimenak bizkortu nahi ditugu, Madrilengan eraginkorrak izango direlakoan. Baina, dispertsioarekin amaitzeko, presoak etxeratzeko bultzada indartsuena Euskal Herrian eman behar dugu. Konponbiderako ezinbesteko mugimendua da eta, konponbidea aurrera joan ahala, presoak kalera atera behar dira, benetako bakea lortu nahi bada.