Silvia Perez Cruz, abeslaria: "Zuzenekoaren arriskuzalea izan naiz beti"

Silvia Perez Cruz, abeslaria: "Zuzenekoaren arriskuzalea izan naiz beti"
2014/10/31 eta kitto!

- Zelako kontzertua eskainiko duzu Eibarren? Erabakita duzu abestu beharrekoa?
“Entre cuerdas” deitu dudan proiektua aurkeztuko dut. Gustora abesten ditudan piezekin, Joan Antoni Pich-ek, Javier Galianak eta nik neuk konpondutakoak soka boskotearentzat. Urtebete da Madrilgo Auditorio Nazionaletik proiektua enkargatu zidatela, askatasun osoa eman zidaten eta merezi zuela pentsatu nuen, kontzertu bakarrerako balitz ere, zeozer egitea soka laukotearekin. Azkenean lortu dugu eta, hain pozik geratu gara egindakoarekin, aurten beste disko bat aurkezten badihardugu ere, edozein aitzakiaz baliatu garela hainbat alditan errepikatzeko. Guk bikain pasatzen dugu eta eurek zoragarri jotzen dute.

- Zeintzuk egongo dira zurekin eszenategian azaroaren 8an?
Miguel Angel Cordero kontrabaxua, Joan Antoni Pich celloa, Anna Aldoma biola eta Carlos Monforte eta Elena Rey bibolinak. Miresgarriak denak!

- Musika ume zinenetik bizi izan duzu?
Jaio aurretik! Amak abestu egiten zuen eta aitak entseguak egiten zituen bere habanera taldeekin... Hiru urterekin apuntatu ninduten musikan, bostekin pianoa hasi nuen eta zazpirekin saxoa. Etxean, gainera, normala zen batek gitarra jotzea eta besteok ahotsak egiten hastea; baita autoan ere. Horregatik banatu dut beti hiru zatitan nire harremana musikarekin: familiartekoa (komunikatzeko beste modu bat), ikasketena (ordu asko ikasten... lizentziatu nintzen arte) eta bokazionala (hamabi urterekin deskubritu nuen beharra). Orain igual harreman profesionala gehitu beharko nioke... baina zaila egiten zait desberdintzea.

- Zenbateko eragina izan du zure ibilbidean aita musikoa izateak?
Aitarekin ez nuen harreman handirik, musika baitzen ia gure komunikazio bakarra. Hamabi urte nituenetik eta orain dela lau urtera arte urtean pare bat aldiz egoten ginen elkarrekin, hiru edo lau abesti jotzen. Haren umiltasuna, gorputz eta arima aritzea eta gauza xumeengatik zuen zaletasuna nabarmenduko nituzke. Amak eragin handiagoa izan du nigan: berarekin hazi nintzen, oso ondo abesten du eta, nik sentitzen dudana askatasun osoz aditzera emateko animatzeaz gain, baliabideak, espazioa eta denbora eskaini dizkit... Aurrejuzkurik gabe.

- Zergatik aurkezten zara abizen biekin?
Hori delako nire izena. Gainera, biek eskaini didate hainbeste baloratzen dudan sentsibilitatea.

- Estilo asko nahasten dituzu zure musikan? Ezagutzen ez zaituen bati zelan aurkeztuko zenioke egiten duzuna?
Nire abestiak konposatzea dut gustoko eta baita besteenak berrinterpretatzea ere. Nire ahotsa iberiarra dela uste dut. Estilo askotatik ikastea nahi izaten dut eta, musiko jakin batzuetatik abiatuta, nire lengoaia sortzea. Baina egiten dudan bakarra da abestiak kantatu, istorioak kontatu eta ahalegindu, pixka bat bada ere, hegan egiten.

- Kontzertuen agenda ezin estuagoa duzu. Zuzenekoarekin edo estudioko lanarekin gozatzen duzu gehiago?
Zuzenekoa maite dut, arriskuaren zale naiz, zelan joango den ez jakitearen bertigoak harrapatzen nau, bat-batekotasunak, publikoarekiko konplizitatea... Baina onartu behar dut orain dela hiru urte "11 de novembre" diskoa grabatu nuenetik, mundu berria deskubritu nuela, zuzenekoan egin ezin dituzun gauzak egiteko denbora gelditzeko espazio bat eskaintzen dizuna. Bi lanbide izan daitezke, eta biak maite ditut: estudioa mentalagoa iruditzen zait eta zuzenekoa animalagoa.