Saioa Cabañas, argazkilaria: "Emarock-ek emakume musikariak agerian jarri nahi ditu"

Saioa Cabañas, argazkilaria: "Emarock-ek emakume musikariak agerian jarri nahi ditu"
2014/05/23 00:00
eta kitto!

- Nola sortu zen Emarock?
Kontzertuetako argazkiekin Eibarren, Karrika tabernan erakusketa ipintzeko proposamena egin zidaten 2010ean eta, horretarako argazkiak aukeratzen nebilela, bakarrik emakumeen argazkiak erabilita erakusketa osatzeko materiala banuela konturatu nintzen. Hala ere, Karrikako erakusketarako beste ideia bat nuen eta bakarrik emakumeen argazkiekin erakusketa aurrerago ere egin nezakeela pentsatuta, horrela geratu zen dena. Bestalde, emakumeen argazkiak begiratzean, ia denak taldeetako abeslariak zirela ikusi nuen, oso gutxi zeuden gitarra edo beste instrumenturen bat jotzen eta neure buruari galderak egiten hasi nintzen: "Euskal Herrian ez dago bakarrik emakumeek osatutako talderik? Edo egon badaude baina nik ez diet argazkirik atera?". Izan ere, musika ikasleen artean emakumeak gizonak baino gehiago izan arren, horrek ez dauka isladarik taula gainean. Gauzak horrela, emakume musikariak agerian jarri eta horien adibideari jarraituta beste batzuk eszenatokira igotzera animatzeko asmoz abiatu zen Emarock. Poliki-poliki proiektuari jendea batzen joan zaio eta dena kudeatzeko kultur elkartea ere sortu genuen eta proiektuari buruzkoak sare sozialetan eta www.emarock.com atarian jasotzen joaten gara.

- Zergatik ez dira ba eszenatokira igotzera animatzen?
Datorren astean Belekon aurkeztuko dugun dokumentala galdera horri eta beste batzuei erantzuteko oso egokia da. Proiektuaren ardatza musika egiten duten emakumeak izanik, dokumentaleko protagonistak eurak izan behar zutela argi genuen eta, horregatik, adin eta toki ezberdinetako hamasei emakumerekin elkarrizketak grabatu ditugu, bakoitzaren iritzi, pertzepzio eta bestelakoak jasotzeko. Dokumentala argazki erakusketari laguntzeko pentsatuta dago berez eta ez diogu soinurik gehitu. Grabazioan, besteak beste, Izaro Apraiz eibartarrak jardun du beharrean.

- Nolatan zara kontzertuetako argazkilari?
15 urte nituenetik beti ibili naiz kontzertu batetik bestera, kamera aldean nuela. Hasieran kamera txikia zen, denborarekin ekipoa hobetzen joan nintzen… kontzertuetako argazkilaria bilakatu arte. Kontzertuetan egindako argazkiekin gauilunak.com webgunea daukat.

- Nolakoa izango da aurkezpena?
Niretzat gaur egun Euskal Herri mailan dauden hiru abeslari esanguratsuenak, hirurak elkarrekin zuzenean batera ikusteko aukera hori aparta da, ez da erraz errepikatuko eta aprobetxatzen ez duenak nekez izango du horrelako beste aukerarik.