Rafa Herce, Banarte antzerki taldea: “Antzezlaneko heroiak eibartarrak dira”

Rafa Herce, Banarte antzerki taldea: “Antzezlaneko heroiak eibartarrak dira”
2013/11/08 eta kitto!

- Zer sentitzen du eibartar batek lan hau bere sorterrian aurkeztean?
Ilusioa eta erantzunkizuna, neurri berean. Familiakoen, lagunen eta ezagunen aurrean lan egiteak baduelako bere konplexutasuna.

- Orain arte Matienan eta Gernikan aurkeztu duzue lana. Zelan erantzun du jendeak?
Jende asko izan da bietan eta erantzuna ere bikaina izan da. Lanak engantxatu egiten du eta entretenitu. Ikusleak istorioa bizitzen du, aurrean duenarekin identifikatzeraino. Bietan zoriondu gintuzten.

- Eibartar batek non aurkituko du bere interesa piztuko duen hori?
Giza istorioa kontatzen da lanean, arazoak dituen eta horietatik irtetzeko baloreei eta ideiei fidelak izatea erabakitzen duen familia batena: hori da kontatzen dugunaren alde unibertsala. Horrez gain, gizartea ulertzeko bi moduren arteko talka dugu eta ondoren ematen den bizirauteko borroka ere ageri da. Baita porrotean duintasunari eustea, ideien argitasuna eta guztien ongia lortzeko gizabanakoaren sakrifizioaren beharra, horren kontzientzia izatea. Epikoa baita lau behargin han lagatzea euren lanpostuak beteko dituzten langile berriei ofizioa erakusteko: mundu guztiari gustatzen zaizkien eta engantxatzen duten balore unibertsalak. Eta heroiak eibartarrak dira, gertukoak, gure familiakoak edo gure ezagunenenak. Gainera, ez da fikzioa, benetan gertatutakoa baizik. Denok dakigu 1931ko apirilaren 14an errepublikako bandera igo zela Eibarren, baina gutxik dakite hori ez zela izan ekintza puntual eta isolatua, baizik eta bizitzeko eta mundua ikusteko modu baten gailurra, XIX. mendearen amaieratik eratzen joan zena eta gure herria “Hiri Guztiz Eredugarria” izatera eraman zuena. Eibartar oro harro sentituko da bere historiaren zati hori ezagutzerakoan.

- Mende bat geroago, eibartarrok zergatik ez dugu gertakizun hori ezagutzen?
Eibar ez da nabarmendu bere patrimonioa kontserbatzeagatik.. Beti begiratu izan du gehiago aurrerantz atzerantz baino. Ehun urtean gauza asko izan dira: krisiak, gerrak, diktadurak, errepresioa, aldaketa sozialak... Gerra zibilak eta diktadurak asko markatu gaituzte eta gertuko historia monopolizatu. Uste dut interesa egon daitekeela Eibarrek betidanik izan duen jarrera librepentsalaria, berdintasunezkoa eta unibertsala ezkutatzeko, adskripzio politiko jakin batzuetakoei lotutakoa, ezabatzeko.

- Zein helbururekin ekin diozue lan honi?
Jendeari erakutsi nahi diogu sasoi hartako txisperuak hain argi zutena: solidaritatea, duintasuna, denon onerako sakrifizioa... ez direla ez ameskeriak ez utopiak, baizik eta askorentzat euren bizitzetako ardatza. Gaur egun ere indarrean jarri dezakeguna. Erakutsi nahi dugu, teknologietan eta makinetan hainbat aurrerapen emanda ere, badirela aldatzen ez diren gauzak. Emakumearen rola ere ezin dugu ahaztu.

- Zelan irudikatzen dituzue orduko eibartarrak? Zeintzuk dira gaur egun indarrean jarraitzen dituzten baloreak?
Orduko eibartarrak progresistak ziren, berritasunari irekiak eta ikasteko eta hobetzeko kezka zutenak. Edonora joaten zirenak, gauzak ikastera. Euren ohitura eta hizkuntzari eusten zioten, baina gizateriaren bilakaera globalarekin identifikatuta. Horrelakoak ziren Akilino Amuategi eta Marzelino Baskaran, Juan Pedro Unzeta eta Julian Etxeberria. Orduko baloreak goia jo zuten,
gero krisian jausteko. Gaur egun, nire ustetan, balore horietan oinarritutako gizartearen gainbehera dihardugu bizitzen.

- Zelako eragina izan zuten eibartar horiek gernikarren artean? Borroka galdu zuten?
Hiru hilabete bakarrik egon ziren txisperuak eta euren familiak Gernikan, baina tarte horretan asko markatu zituzten gernikarrak. Ohiturak, lan egiteko erak, progresoa eta dinamismoa laga zituzten fabrika eta negozioetan; harremana zabaldu zen gernikarren eta eibartarren artean, familiak osatuz... eta harreman horrek gaur ere irauten du. Grebara deitu zuteneko helburu
materialak ez lortzea porrota bada, galdu egin zuten; baina beste aldeak ere ez zuen lortu bere helburua, hau da, fabrika produkzioan jartzea Eibarko beharginekin. Txisperuen eskuzabaltasuna gernikarrekiko borrokaren zintzotasunean ikusten da, inor ez mintzeko egindako ahaleginean. Euren jarrerari duintasunez eta sakrifizioz eustean, “porrot” material hori garaipen espiritual eta ideologikoa bihurtzen da. Horren froga da, ehun urte geroago eta Astrak bere ateak aspaldi itxi zituenean, haiek egin zutena berreskuratu dugula.