Oskar Arantzabal, ekonomilaria: “Azpilkuetaren ekarpenik sonatuena diruaren teoria kuantitatiboa da”

Oskar Arantzabal, ekonomilaria: “Azpilkuetaren ekarpenik sonatuena diruaren teoria kuantitatiboa da”
2014/12/05 eta kitto!

- Zer du berezia Azpilkueta liburuaren protagonistak, ekonomilaria baino gehiago legelaria eta teologoa izanda, "ekonomiaren aitzindaria" izendatzeko?
Azpimarratu behar da, zoritxarrez, “Doctor Navarrus” oso ezezaguna dela gure artean, nahiz eta herri honen “metafora txiki bat” izan: independentzia galdu, krisi ekonomikoa ezagutu... Badirudi dorain dela bostehun urteko zauriak itxi gabe jarraitzen dutela. Bere ekarpenak lege eta teologia kontuetan mugatuagoak dira, baina ekonomian egindakoak askoz ere interesgarriagoak (eta ezezagunagoak) garatzen ari zen gizarte zientzia berri batean. Pentsa 1776ra arte ez zutela Adam Smith eskoziarra ekonomiaren “aitatzat” jo.

- Sasoi hartako bere iritziak bat datoz gaur egun inguratzen gaituen errealitatearekin? Bere ekarriak non islatzen dira, batez ere?
Guztiz, diru politika eta zerga politikaren arteko oreka aldarrikatzen zuen, Europako Batasunak duen herrentasunetako bat. Dibisen gorabeheren jakitun zen, likideziagatiko lehentasunaz, ekonomia politikoaz eta, harrigarriena dena, bere garaiko finantza-burbuila aurreikusi egin zuen, krisiak errepikatu besterik ez dira egiten. Ekarpenik sonatuena diruaren teoria kuantitatiboa da, munduko banku zentral guztien tresna ezagunena.

- Esana duzu elkarrizketa batean "estatu baten tamaina ideala bost milioi biztanle ingurukoa dela"? Zenbat eta txikiagoa hobe?
Orain dela hiru urte Eibarren bertan emandako hitzaldi baten ardatza izan genuen. Ranking gehienetan tamaina horretakoak dira ongien dabiltzanak (Danimarka, Austria, etab.), baina gutxieneko tamaina ertain batek ere eskalako ekonomiak ematen ditu (pentsioak, inbertsioak, etab.), beraz optimizazio kontu bat besterik ez da, irabazi eta galeren artean. Txikiegia izateak “paradisu fiskal” bihurtzeko arriskua lekarke, Luxenburgon bezalaxe.

- Independentzia ekonomikoaren bidetik, abertzaletasun esportatzailearen falta nabaritzen duzu gurean?
Aurrekoarekin lotuta zetorren, baina badirudi denbora arrazoia ematen ari zaidala: gure esportazioak Espainia eta Frantziara murrizten doazen heinean -datuek halaxe diote- eta urrutiagoko beste merkatu batzuetara areagotzen, mendekotasun koloniala alboratuz goaz eta horrek, herri gisa, askeago egiten gaitu mundu interdependente batean. Alemania edo Japonia moduko herrialdeetan kontzeptu hori oso barneratua dute eta ondo doakie.

- Ekonomilaria zaren aldetik, zergatik dago hainbeste alde batzuen eta besteen analisien artean Euskal Herria independenteak aurrera jo dezakeen edo ez aztertzerakoan?
Gure soziopolitikan heren batek “ezinezkoa” ikusten (edo nahi) du, beste horrenbeste batek guztiz bideragarria dela dio eta hirugarren zatiak zalantzak ditu, nahiz eta aldeko jarrera izan, mantso joan ezkero. Eskozian edota Katalunian gertatzen ari diren prozesuek erakusten digute, eskuin zein ezker, hori dela bidearen abiapuntua: “desokupazio mentala” deitu dezakeguna. Ekonomian baino gehiago politikan dago gakoa. Azpilkueta nafarrak Europako Herrien Konfederazioa aldarrikatu zuen duela bostehun urte eta amaitzear dugun 2014 honetako gertakari askok badirudi, beste behingoz, arrazoia ematen ari zaizkiola.

- Azpilkuetarekin urte biko ikerketa lana egin duzu eta baita Juan Zelaia saiakera saria irabazi. Baduzu esku artean beste lanik, epe laburrean argia ikusi dezakeenik?
Laburrean Eskozia eta Kataluniako prozesuen ikasgaiak aztertuko ditugu talde lanean eta, Euskal Herritik begiratuta, bizi dugun egoera “semikoloniala”. Epe ertain-luzeagoan animatu naute hain interesgarria den Azpilkuetaren biografia antzerkira eramateko. Gogoko dudan generoa da, Eibarko jardunaldietan txikitan zaletu bainintzen, nahiz eta saiakeratik oso urruti dagoen.