Oihan Vega (aurkezle eta musikaria): “Umoreak lagunduta, euskerarekin dugun jarrera begibistan ipintzen dugu”

Oihan Vega (aurkezle eta musikaria): “Umoreak lagunduta, euskerarekin dugun jarrera begibistan ipintzen dugu”
2014/03/13 eta kitto!

- Zein ezaugarri ditu “Euskeraren Espektakulue” ikuskizunak? Antzerkia da? Zenbat irauten du?
Bakarrizketa da, azken aldian hain modan dauden “El Club de la Comedia” modukoen monologoetakoa. Gitarra dut lagun eta, horretaz baliatuz, musikak ere zeresan berezia du euskeraren inguruan egiten dugun hausnarketan. Lanak duen azpitituluak adierazten duenez, “zergatik praktikatzen dugu sexua erderaz”? Gauza bera irainak-eta botatzerakoan... Egoera biszeralen aurrean, ohikoena erdarara jotzea izaten da. Horretaz jabetu nahi dugu ikuslea, umoreaz eta ironiaz baliatuz. Gainera, Kepa Errasti gidoilariak nire ikuskizunerako prestatutako sketch eta laburmetraiak lan osotuagoa egitea ahalbidetzen du. Ordu eta erdi inguru irauten dugu agertokian.

- Zelan sortu zen ikuskizuna egiteko ideia? Noiztik diharduzue erakusten?
Badira bi urte estrenatu genuela. Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteak euskeraren erabileraren inguruan hausnarketa egiteko balioko zuen zeozer prestatuko genuen galdetu zigun. Euskeraz jakinda ere ez dugula egiten-eta arduratuta, hitzaldi antzerakoa eskatu ziguten. Hitzaldiarena hotzagoa ikusi nuen eta umoreaz baliatu behar ginela pentsatu; horrela, jendeak mezua barneratu dezakeelako modu gozoagoan. Debagoienako hainbat herritan ikuskizunak izan zuen arrakasta ikusita, gure eskualdetik ateratzera ausartu ginen eta 55 emanalditik gora eskaini ditugu.

- Bi urte hauetan egoera aldatu da? Behartuta ikusi duzue zuen burua ikuskizuna, modu batean edo  bestean, aldatzeko?
Jarraitzen dugun gidoia hasierako bera da. Hori bai, antzerki batetik bestera eta bakoitzak duen ezaugarrien arabera, erritmoa eta sketch-en ordena aldatzen joaten gara. Euskeraren egoerari dagokionez, ez dut igarri aldaketa askorik: uste dut mundua ezin dela aldatu epe motzean, gauzak bere arrastoa behar dute indarra hartzeko. Horregatik, zaila da ikuskizun bakar batek egoera aldatzen asmatzea, baina batuketak kontzientziazio mailan beti izango du eragina. Gainera, bizi dugun egoera ez da alarmantea ere, ez da hain larria... Baina, kontuz! Komeni da jabetzea.

- Hau da: jarraitzen dugula, berdin-berdin, sexua erderaz praktikatzen...
Hori norberak ikusiko du! Egia esan, ez dago inora joan beharrik ikusteko genitalak definitzeko eta halakoetan euskerak momentuz sinonimo gutxiago eskaintzen digula. Gauza bera irainak jaurtitzerakoan, hiztegi juridiko-legala erabiltzerakoan. Bestelako gauzetan, oinarrizkoagoetan, jarriko genuen atentzioa eta esparru horiek landu gabe izango ditugu oraindik...

- Jendeak zelan hartzen du zuen ikuskizuna? Zein izaten da inpresio nagusiena?
Ondo. Lehenengo segundotik onartzen baitu ez dela serioa. Guztiarekin eta guztiekin sartzen naiz,  katxondeo giroan murgilduta. Hori bai:  txisteen atzean dagoena arakatzen baduzu pixka bat, egi biribilak aurkituko dituzu. Hor geratzen da lehen esandako arrasto hori. Barre asko egiten dugu eta, horretarako, ez naiz mozten: EGA, EITB, Euskaltzaindia, neure burua... erretratatuta geratzen dira.

- Jende guztientzat da? Eskaintzen duzue ezustekorik?
Edozeinek ulertu dezake ikuskizuna; baina, batez ere, helduentzat prestatu dugu. Erabiltzen dugun umorea askoz errazago ulertuko du adin batetik aurreragoko jendeak. Ezustekoak ere badira, baina beti ere horrelako bakarrizketa batek eskaini ditzakeen arloan. Oso gutxi landu dira horrelako monologoak euskeraz: denak erdaraz direla esatera ausartuko nintzateke. Gure lepotik barre egitera ez dut uste oso ohituta gaudenik. Pixka bat eskizofrenikoa ere egiten zaigu.

- Eta Eibarkoaren ondoren, zer? Bestelako zeozer bazabiltza prestatzen?
Gure agendan ditugu, epe motzera, oraindik izan ez garen hainbat herri. Abuztura arte, egutegia hartuta dugu, tartean Bilbon eta Donostian eskainiko ditugun saioekin. Bestelako ikuskizun bati heltzeko asmoa ere hor dut, ideia batzuekin aspalditik nabil bueltaka... baina oraindik ez naiz hasi guztiz prestatzen.