Norone Bizkarra (Artezi tapizeria): "Altzariak tapizatu baino, zaharberritu egiten ditugu"

Norone Bizkarra (Artezi tapizeria): "Altzariak tapizatu baino, zaharberritu egiten ditugu"
2014/11/06 eta kitto!

- Nola animatu zineten horrelako kooperatiba sortzera?
Iratxek eta biok altzarien diseinuarekin eta dekorazioarekin lotutako ikasketak egin ditugu eta, beraz, altzarien sektorea ondo ezagutzen dugu. Serafinek jubilatzea erabaki zuen, baina erreleboa hartuko zionik ez egotean, 1977an berak sortutako negozioa ixtea pentsatzen zuen. Horrekin enteratu ginenean Eibarrera etorri ginen berakin berba egitera eta, Serafinek martxa onean zegoen negozioa gure esku oso baldintza onetan lagatzeko prest zegoela ikusita, berehala animatu ginen. Bideragarritasun plana egin eta pare bat hiletan sortu genuen Artezi.

- Serafin poztu egingo zen lekukoa hartuko zeniotela jakitean, ezta?
Pentsa, 40 urte baino gehiago, bizitza osoa eman du ofizioan eta pena handia ematen zion errelebo faltagatik lantegia itxi beharrak, are gehiago martxa onean zegoela ikusita. Sasoi batean Eibarren hiru tapizero egon zirela kontatu zigun, baina gaur egun ofizoa galtzeko arriskuan zegoela... Hori entzun eta are ilusio handiagoarekin ekin genion beharrari, ekiteak merezi zuelakoan.

- Zer moduz doakizue?
Irailaren amaieran zabaldu genuen eta orain arte behintzat pozik dihardugu. “Erosi-bota-erosi” filosofiarekin aspertuta dauden adin eta era guztietako bezeroak etortzen zaizkigu, beharra daukagu eta auzoan oso ondo hartu gaituzte.

- Nolakoa da zuen lana? Zer eskaintzen duzue?
Artisau eran egiten dugu beharra, ekartzen dizkiguten altzariak-eta tapizatu egiten ditugu, baina ez gara horretan geratzen: tapizatu berriarekin kanpotik itxuraldatzeaz gain, sarritan barrutik hondatutako altzariak ailegatzen zaizkigu eta, horiek ere konpontzen ditugunez, altzaria zaharberritu egiten dugu. Horrekin batera, altzariak gu geuk sortu eta saltzeko asmoa daukagu. Egin ditugun lanetako asko www.artezikoop.com webgunean eta Facebook-en daude ikusgai.

- Ofizioari eutsi arren, estilo aldaketa nabarmena da...
Lehenagotik zegoen eskaintzari gure gustuekin bat datozen oihal mordoa gehitu dizkiogu eta jendeak pozik hartu du aldaketa.