NK3: "Proiektu berriarekin kontzertuak ematen hasteko irrikitan gaude"

NK3: "Proiektu berriarekin kontzertuak ematen hasteko irrikitan gaude"
2014/11/14 eta kitto!

- Nola animatu zineten "A ze banda!" lehiaketarako izena ematen?
Ni (Irene) aurretik ETB-ko beste saio batean, "Kantuan" saioan parte hartzen egon nintzen eta, lehiaketa berria egingo zutela eta, zuzenean nirekin harremanetan ipini ziren, nirekin batera abesteko beste bi lagun bilatuz gero parte hartzeko aukera izango genuela esateko. Hirurak lagun minak garenez, Koru Gaztean ibilitakoak… ba Ainhoa eta Aneri komentatu eta berehala ipini ginen martxan. Telebistan orain ematen duten arren, lehiaketarako grabazioa udan, uztailean egin genuen. Telebistarako saioa grabatzera joan aurretik casting modukoa egin genuen eta gu kantatzen agertzen ginen bideoa grabatzeko ere eskatu ziguten: beste barik, hirurak lurrean jarri eta "Zarena zarelako" abestu genuen.

- Eta zer moduz joan zen telebistarako saioaren grabazioa?
Saioa grabatzen hasi aurretik Alex eta Zuriñe aurkezleak guk entseguak egiten ditugun lokalera, Bilbora etorri ziren, kamerarekin, eta han bertan lehen probarako grabazioa egin zuten. Telebistan uztaila hasieran egon ginen eta, egia esan, grabazioak oso luze jo zuen. Gu kalera joan ginen kanporaketan berez talde bakarra kaleratu behar zuten, baina aurreikusita ez zegoen beste talde bat sartu zuten eta, horregatik, hurrengo tandarako sailkatu beharrean gu ere kanporatu gintuzten. Edozein modutan ere, esperientzia berri bat bizitzeko aukera izan genuen.

- Lehiaketako kontuak amaituta, zer daukazue esku artean?
Gure proiektuan buru belarri sartuta gabiltza. Juanmi gure "coach"-ak talde bitan gitarra joten du eta, bere bitartez, bigarren gitarra bat, bateria-jolea eta baxua gurekin batzea lortu dugu, denek elkarrekin NK3 taldea osatzeko. Ilusio handiarekin ekin diogu lanari, astero entsaiatzeko batzen gara eta gure abestiak sortzen hasita gaude. Guk idatzitakoekin batera beste batzuen kantuen bertsioak edo "coverrak" abesten ditugu eta laster kontzertuak ematen hastea espero dugu. Gainera, entseguetan oso gustora jarduten dugu, elkarrekin oso ondo moldatzen garelako eta, musika egiten dugun bitartean, beste kontu guztiekin ahaztu egiten garelako.

- Eta nolakoak dira zuek sortutako abestiak?
Nahiko rockeroak direla uste dugu, indartsuak. Bestalde, beste taldeen kantuak gehienetan ingelesez abesten ditugu, baina gureak euskaraz idazten ditugu. Batean eta bestean joten hasi eta gure musika jendeari gustatuz gero, aurrera egiteko irrikitan gaude.