Mikel Aparicio, arkitektua: "Errebal inguruarekin modu naturalean integratzen ahalegindu gara"

Mikel Aparicio, arkitektua: "Errebal inguruarekin modu naturalean integratzen ahalegindu gara"
2014/06/03 eta kitto!

- Nondik nora doa "Errebal Ireki" zuen proposamena?
Hasieratik garbi ikusi genuen Errebal oso puntu garrantzitsua dela Eibar barruan, batetik erdian geratzen delako eta, gainera, herria bitan banatzen duelako. Horrekin batera, aktuazioa planteatzeko orduan Eibarren oso espazio publiko gutxi dagoela kontuan hartu dugu eta, hortik abiatuta, herritarrei egokitutako espazio publiko berria sortzeko ahalegin berezia egin dugu, beti ere prozesu parte-hartzailetik atera ziren ondorioak kontuan izanik, horiek udalak berak ezarritakoak ziren-eta.

- Eta nolako ezaugarriak dauzka?
Errebal inguruko orografia zaila da, alde batean Muzategi alturan eta aldapan geratzen da, beste aldetik ere aldapa dago, altuera ezberdinak… horiek guztiak integratzeko ahalegiña egin dugu, inguruan duen beste guztiarekin nahiko modu naturalean bat egin dezan. Eraikina baino gehiago, gune bat izatea lortu dugula oso ondo baloratu dute. Espazio publikoa sortzeko premia garbi ikusten genuenez, hori lortzeko goiko aldean parke itxurako espazio handi bat sortzea proposatzen dugu, 1.000 metroko azalera izango duen plaza, eguraldiaren eta bestelako beharren arabera estalkia ipini edo kentzeko aukerarekin. Oso flexiblea izateaz gain, Coliseoko plazarekin erlazionatuta geratuko litzateke. Gainera, Merkatu kalea oinezkoentzat laga eta trafikoa Pagaegi kaletik jaisteko aukera egon badago. Horrekin batera, eta parte-hartze prozesuan ezarritako ezaugarriei jarraituta, gure proposamenean aparkalekuak egiteko lur-azpiko solairu bi, konpartimendutan banatutako erabilera anitzerako aretoak, merkatu plazarako tokia, komun publikoak, biltegia eta beste hainbat ere jaso ditugu.

- Nolakoa izan da proposamena lantzea?
Ba bakoitza toki batean egon garenez, Skype bidez ibili gara elkarrekin beharrean. Egia esan, horrek badauka bere abantaila, izan ere elkarrekin lan egiten denean batak besteari eragin egiten dio nahitaez, baina bakoitza bere aldetik egotean ideiak-eta ez dira elkarrekin "kutsatzen", moduren batean azaltzeko.

- Eibarko arkitektua izanik, zure proposamenak irabaziko balu, nolakoa litzateke Errebalerako proposamen hau gauzatzeko aukera izatea?
Oso polita eta ilusionantea, benetan oso modu egokian egiten ahaleginduko nintzateke, Eibar foball taldeak lehen mailan jokatzearen parekoa.

- Errebalgo hau proiektu garrantzitsua da, baina ez da esku artean daukazun bakarra, ezta?
Beharrean sortzen direnetatik aparte, Ego Ibarrarentzat Eibarko Industria Ondareari buruzko ikerketa egiten nabil, nire tesia horren ingurukoa da-eta. Arlo horretan behar haundia egiten nabil, Eibarko ondare industriala benetan zabala da-eta.