Miguel Loitxate, bidaia-blogaria: "Janaria edozein bidaiaren parte bat da"

Miguel Loitxate, bidaia-blogaria: "Janaria edozein bidaiaren parte bat da"
2013/06/07 00:00
eta kitto!

- Nolakoa da "El txoko de Lonifasiko" bloga?
Nahiko berria da, berez 2012. urteko irailean sortu nuen. Aurretik, baina, 2007-2009 bitartean beste blog teknologiko bat izan nuen. Informatikoa naiz eta betidanik gustatu zaizkit teknologiarekin zerikusia duten kontuak. Interneten eta sare sozialetan bidaiei eskainitako hamaika toki daude eta, horien artean handiena minube.com da, behintzat Espainia eta Latinamerika mailan. Horretan hasi nintzen, erabiltzaile aktibo modura, baina besteenak ikusita animatu eta nik ere horrelakoetan edukia eskaintzeko aukera nuela pentsatu nuen eta horrela sortu nuen bloga (www.lonifasiko.com). Edukien berri emateko beste sare batzuk aprobetxatzen ditut: Twitter (https://twitter.com/Lonifasiko), Facebook (www.facebook.com/Lonifasiko) eta Minube (www.minube.com/viajero/Lonifasiko/rincones).

- Bidaiak eta sukaldaritza kontuak, biak batera kontatzen dituzu, ezta?
Bai, nik "gastroesperientzia" deitu diet. Pentsatzen dut edozein tokitara bidaiatzean bertan bizi den jendeak zer jaten duen jakitea eta probatzea garrantzitsua dela. Niretzat, behintzat, jatea bidaiaren zatietako bat da, horregatik lotzen ditut gauza biak. Tokiei buruzko informazioarekin batera jatetxe askotako kritikak idatzi ditut. Hori bai, kritikak guztiz pertsonalak dira.

- Eta gainontzeko edukiak nola lantzen dituzu? Bertako informazioa nondik eskuratzen duzu?
Orain arte behintzat blogak jasotzen dituen eduki guztiak nire esperientzia pertsonaletik irten dira zuzen-zuzenean. Egia esan "nire" esan beharrean "geure" esan beharko nuke, familian bidaiatzen dugulako, urte bi bete berri dituen gure txikiarekin batera. Bide batez, umeekin bidaiatzea posible dela argi laga nahi dut. Bidaiatzeko eta leku berriak ezagutzeko zaletasuna umetatik daukat, aspalditik datorkit, batez ere aitarekin mendian asko ibiltzetik.

- Zure blogera sartzen denak nongo informazioa aurkituko du?
Ezer baino lehen, argi laga nahi dut nik ez daukatela nire burua bidaiari handitzat, Costa Rica, Mexiko, Croacia, Bulgaria eta Italia bisitatu ditugu, baina geure bidaiak horrelakoak baino, asteburu edo egun gutxiko "eskapadak" dira. Egia esateko, askotan ez da beharrezkoa izaten oso urrutira mugitzea ezagutzen ez ditugun tokiak aurkitzeko, sarritan gertu dauzkagun tokietako asko ezezagunak egiten zaizkigu-eta.