Maider Castillo: Mende laurdena foballean... eta jarraitzeko gogoarekin

Maider Castillo: Mende laurdena foballean... eta jarraitzeko gogoarekin
2014/03/28 eta kitto!

- Zelan gogoratzen duzu Eibartarrak-ekin jokatu zenuen sasoi hura?
Bestelako foballa zen hura. Aste osoan Gasteizen egoten nintzen ikasten eta barixakuan bakarrik entrenatzen nuen; hobby moduan geneukan. Orain ezin dut ordukoa egin, baina konpromisoa bera da. Gogoratzen dut sasoi hartako entrenamenduetan inork ere ez zuela kale egiten. Hilero dirua ipintzen genuen, denboraldi amaieran bidaia bat egiteko. Sasoi hartako lagunak orain ere lagunak ditut.

- Japonera joan zinen gero. Zelako esperientzia izan zen hura?
Hiru hilabeteko kontua izan zen, 1998an, Espainiako selekzioarekin Eurokopa jokatu eta gero. Aldaketa handia izan zen eta gogorra egin zitzaidan. Bitan entrenatzen genuen egunero; siestarik ere ezin egin! Hizkuntza lortu nuen piska bat ulertzea, baina ez nintzen irakurtzeko gai. Hori bai, taldekideak laguntzeko prest zeuden beti.

- Emakumeen foballak egin du gora? Ez doa geldoegi, kostatuko balitzaio legez?
Bilakaera oso motela da, gizarte elitista eta matxista batean bizi garelako. Jendeak ez du aposturik egiten emakumeon foballaren alde, onartuta ere gauzak zeozer aldatu direla. Estatuan zortzi talde izango dira erdiprofesional moduan dihardutenak; besteak hor dabiltza, erdipurdi.

- Iaz izan zenuen lesio luzetik ondo errekuperatu zara?
Lesioa gaindituta daukat: urte guztiotan izan dudan lesio serio bakarra izan da. Sentsazioak onak ditut, jokatzen dihardut eta oraindik ez dut erabaki noiz arte jarraituko dudan. Gaur egungo taldea gazteagoa dela, beste belaunaldi batekoa, eta fitxetan ere igarri dugu aldaketa. Taldearen aurrekontua dexente jaitsi da.

- Zein herrialdetan dago emakumeen foballa indartsuago?
AEB-etan, Europako iparraldean, Alemanian... hor hartu du indar gehien. AEBetan profesional mailako liga jokatzen dute, urte batean bai eta bestean ez; egia esan, han indar handiagoa du gizonezkoen foballak baino.

- Noiz arte jarraituko duzu foballean? Pentsatu duzu lagatzea?
Ikusteko dago. Entrenatzaile ikastaroa egiten dihardut 2. mailan, eta 3.a ateratzeko asmoarekin. Sei hilabeteko praktikak egin behar ditut. Gustatuko litzaidake irailean jarraitzea.

- Jendeak jarraitzen dizuete? Asko joaten dira zuen partiduak ikustera?
Etortzen da, bai. Ez da Lezama bezain beste betetzen, baina familiarra ere ez da. Erdibidekoa da gure taldearen inguruan bizi duguna. Lehenengo taldeaz gain, filiala ere badugu.

- Eibarren emakumeen taldeak indarra galdu du sasoi bateko Eibartarrak-en ondoan. Ikusten duzu orduko maila berriro lortzeko aukerarik?
Zaila izango da ordukora bueltatzea. Inguratuta gaude: Bizkaian Athletic-a eta Gipuzkoan Reala. Horiek hartuko dituzte jokalari onenak.

- Zelan bizi duzu gizonezkoen 2. A mailako taldearen lidergoa? Igo daiteke?
Inork espero ez bazuen ere, talde lehiakorra osatu dute eta, halakoetan, ipurdiarekin ere sartzen dira golak. Konfidantza handia dute eta bigarren itzulian daramaten martxarekin 1. mailara igotzeko aukera handia dute. Hor daude emaitzak eta baita jokoa ere. Meritu itzela dute dauden lekuan egoteko.

- Hala ere, normalean ez da jende askorik joaten Ipuruara. 1. mailarako gutxi akaso?
Hor duzu Getafe. Han ere jendeak ez du larregi erantzuten, baina urteak daramatza 1. mailan.