Maider Carrasco, makillatzailea: "Fantasiazko makillajeak ditut gustokoen"

Maider Carrasco, makillatzailea: "Fantasiazko makillajeak ditut gustokoen"
2014/12/05 00:00
eta kitto!

- Aurretik horrelako txapelketetan ibilitakoa zara?
Iaz amaitu nuen estetika ikasten eta, irakasleek eurek bideratuta, txapelketaren lehen edizioan parte hartzen egon nintzen eta hirugarren saria eman zidaten. Hori ikusita Madrilen egin zen beste txapelketa batera joatera animatu nintzen, baina han ez nuen saririk lortu. Hala ere, Euskadiko Jai-makillaje Txapelketaren bigarren edizioan parte hartzeko izena eman nuen eta oraingoan bigarren saria eskuratu dut. Lehiaketan lortutakoarekin oso pozik nago.

- Nolakoa da lehiaketan aurkeztu zenuen makillajea? Nola definituko zenuke?
Deigarria dela esango nuke. Jaietarako makillaje txapelketetan denetarik ikusten da. Makillaje kontuetan, beste edozein arlotan gertatzen den moduan, bakoitzak bere gustua dauka eta, horren arabera, hamaika modutan makillatzeko aukera dago. Madrilgo lehiaketan, adibidez, fantasiazko makillajeak egin behar ziren eta, horrelakoetan, zenbat eta makillaje gehiago erabili, orduan eta hobeto. Baina edertasun lehiaketa batean kontrako efektua bilatzen dute. Garrantzitsuena norberaren aurpegiari ondoen ematen dion makillajea erabiltzea da.

- Makillatzeko moduak aurpegiaren arabera aldatzen doaz, beraz...
Erabat. Makillatzen den modeloaren aurpegiak azken emaitzaren %70 baldintzatzen du. Eta bekainak ere oso garrantzitsuak dira. Ni oso modelo ederrarekin joan nintzen lehiaketara.

- Zer da zailagoa, oso deigarria den makillajea egitea ala, makillatu arren, naturalaren itxura lortzea?
Teknika menperatuz gero, berdin dio bata ala bestea egin, baina aukeran zirkoa eta fantasia gustatzen zaizkit gehien. Zailena ondo makillatuta joatea da. Ermuko nire estetika zentruan norberak bere burua makillatzen ikasteko klaseak ematen ditut eta, kasu batzuetan, etxetik ekarri duten estiloa goitik behera aldatu behar izaten diet.

- Badago makillatzea gustatuko litzaizukeen pertsonaiaren bat?
Ez dut sekula horretan pentsatu. Makillajean bakoitzak bere aurpegiaren ezaugarrietara eta norberaren estilora moldatzea da garrantzitsuena. Hortik abiatuta, zenbat eta gehiagotan praktikatu, orduan eta errazagoa egiten da.