Leire Morketxo, kooperantea: "Batzen dugun diruarekin Peruko nekazariei lagunduko diegu"

Leire Morketxo, kooperantea: "Batzen dugun diruarekin Peruko nekazariei lagunduko diegu"
2014/10/16 00:00
eta kitto!

- Nolatan bururatu zaizue horrelako ekitaldia antolatzea?
Batetik gure moduko elkarteek beti daukagu kalera irtetzeko ateratzeko erronka, hemendik kanpora beste toki batzuetan egiten ditugun proiektuen berri jendeari emateko, zertan gabiltzan ezagutzera emateko. Eta horrekin batera, biharkoa moduko ekitaldietan batzen dugun diruari esker, esku artean dauzkagun proiektu horietan beharrean jarraitzeko aukera daukagu. Bi horiek bultzatuta sortu zen bazkari solidarioa antolatzeko kontua.

- Nolakoa izango da zapatukoa?
Egitaraua eguerdian hasiko da, 12.00etatik aurrera ETB-ko "No es pais para sosos" saioko aurkezlea den Ramon Roteta sukaldariak umeei eskainiko dien sukaldaritza tailerrarekin. Horrekin batera, Untzagan 14.00etan hasiko den bazkarirako menua prestatzen hasiko dira: plater nagusia arroza izango da, ardo, ogi eta azukre-panelezko postrearekin lagunduta eta dena prestatzeko Bidezko Merkataritzako osagaiak erabiliko dituzte. Bazkalosterako beste ekitaldi batzuk prestatu ditugu eta, horrez gain, gure lanaren inguruko hainbat argazki eta testurekin osatutako erakusketa ipiniko dugu ikusgai eta Bidezko Merkataritzako produktuak saltzeko postua ere egongo da.

- Ekitaldia antolatzeko orduan laguntza ugari izan duzue, ezta?
Bai, eta hori benetan eskertzekoa da, bestela, beste batzuen laguntza izan ezean, guretzat ezinezkoa litzatekelako horrelako zerbait egitea. Gainera, herriko beste elkarteekin batera jardutea beti egiten zaigu interesgarria. Hau antolatzen hasi eta gure asmoaren berri emateko beste elkarteengana jo genuenean, asmoak oso harrera ona izan zuen hasieratik eta hainbaten laguntza jaso dugu: Eibarko Udalak, Eibar Merkataritza Gune Irekiak, Euro-Toquesek, Auzolanek, herriko hainbat elkarte gastronomikok, partikularrek… lagundu digute.

- Bazkariari esker batzen den dirua zertan erabiliko duzue?
Urteak daramatzagu Perun (Piuran) garapenerako proiektuetan beharrean eta zapatuko bazkariari esker batzen dugun dirua hango nekazariei laguntzeko erabiliko dugu. Une honetan hainbat familiarekin produkzio organikoa lantzen eta, horrekin batera, ekoizten dituzten horiek merkaturatzeko laguntzen ari gara.

- Norbait azken orduan animatuz gero, zapatuan tiketa erosteko aukera izango du?
Bai, tiketak 10 euro balio du (7 euro ume, jubilatu eta langabetuentzat) eta oraindik Kultu, Koskor eta Guridi tabernetan, Villalban, Mujika harategian eta Arregui Dominguez arraindegian daude salgai eta zapatuan ere egongo da erosteko aukera.