Kike Amonarriz, soziolinguista: "Diskurtsoak eta praktikak, biak izan behar dira berriak euskeraren inguruan"

Kike Amonarriz, soziolinguista: "Diskurtsoak eta praktikak, biak izan behar dira berriak euskeraren inguruan"
2014/10/10 eta kitto!

- Zer adierazi nahi duzu hitzaldiaren izenburuarekin? Nondik nora jotzeko asmoa duzu saioan?
Argi dagoela XX. mendea atzean laga genuela eta XXI.ean sartuta gaudela adierazi nahiko nuke. Azken hamarkadan sekulako aldaketak izan dira euskararen munduan ere, inoiz gertatu gabekoak; hori bai, batzuk positiboak izan diren moduan, badira beste batzuk hain aldeko jo ezin ditugunak. Une historikoan bizi gara: globalizazioa dela, krisi ekonomikoa, lanaren deslokalizazioa, komunikazio modu berriak Internet tarteko... Hori guztiori azaltzea nahiko nuke.

- Orain arte eman dituzunetan, zein jarrera nabari duzu ikusleengan? Ezustekorik jaso duzu?
Programa bati jarraituz landu ditut hitzaldiok eta izan dira, bai, niretzat ezustekoak tarteko. Hizkuntzaren inguruan tonu baikorrean jardun behar dugula uste izan dut beti, errealitatea edozein izanda ere, modu alaian emaitza eta erantzun hobeak jaso ditzakegulakoan. Baita ezustekoak ere. Zergatik izan behar da hizkuntzaren ingurukoa hain iluna eta aspergarria? Tonuak ezustera eraman gaitzake, harrigarria izan daitekeen puntura. Munduko hizkuntza gutxituen artean normala izaten da ahultasunak nabaritzea, egon badaudelako. Baina konturatu gintezke ere ez garela uste genuen bezain txikiak.

- Zer egoeratan dago euskara? Geldialdian sartu da, beste norabide batean? Asmatzen goaz bila gabiltzan irtenbide horretan?
Badugu hor ataltxoa botila erdi-hutsa eta erdi-betearena, bi ikuspegiak egon baitaude jendearen artean. Hori adierazteko, zein motako jendeak hartzen duen jarrera bat eta zeintzuk bestea ikusi behar da, eta zergatik egiten duten aukeraketa hori. Metaforaz baliatzen gara irakurketa ezberdinak identifikatzeko. Egia esateko, argi dago euskarak aurrera egin duela, baina egoera prekarioan jarraitzen duela oraindik eta ahula dela, batez ere hainbat sektoreetan. Horregatik, aurrera begirako ikuspegia emango dut: zerk ekarri gaituen honaino, euskal komunitateak bizirik eta nahiko indartsu egoteko zelako indarrak bildu dituen, dinamikoa eta ekintzailea izan den jendearekin...; hori, gainera, ez da askotan gertatzen. Hori asmatu behar dugu identifikatzen: gutxiengo konsziente baten indarra izan da transmititu dena, belaunaldietan jarraipena izan duena, elkarlanarekin, euskeraren aldeko jarrerarekin, hizkuntzaren erabilera dinamikoarekin eta apustu nagusitzat hartuta. Motibazioan piztutakoak irakaskuntzak ziurtatu du eta babes ofizialak bermatu.

- Diskurtso berririk behar da? Zure ikuspegia baikorra da ala askotan erakusten duzun umore horrek despistatu egiten gaitu?
Ez diskurtsoa bakarrik; praktika berriak ere behar dira. Beste sektore batzuk inplikatuz eta garai berrietara egokituz. Jarrera baikorrak ez dio errealitateari ihes egiten: kontrakoa, askoz emaitza hobeak lortzen dira modu baikorrean erantzunez haserre eta negarrez hasita baino. Iritsi garen lekura iristeko bide horretatik jo izan dugu, frankismoak berak irakurketa ezkorrak egiteko motiboak ematen baitzuen.

- Bidea erraztearren, zelan lortu erdaldun gehiago erakartzea euskerara? Zein bide proposatzen duzu?
Gai konplexua da Gehiengora iristea lortu beharko genuke, horretarako hurbilduz. Denbora askoan gutxi zuzendu zaizkie, gurasoek ere ez dute animo askorik jaso askotan eta hor muga bat izan da. Horregatik, lehenengo urratsa hurbilketa izango zen; eta, ondoren, euskararen premia sortzea. Horretara eramango gaituzten bideak aktibatu behar ditugu, jendeak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago har baitezake aldeko jarrera.

- Euskara ikastetik erabiltzeraino eman beharreko pauso horretan, zertan egiten dugu kale? Zertan asmatu behar dugu?
Irakaskuntza munduan lehenengoko urteetatik bideratu behar ditugu neska-mutilak euskera erabiltzera. Bultzatze horretan, jakina, esparruak sortu behar dira eta komunikagarritasunaren balioaz jabetu: euskararen inguruan gehiegizko zuzentasuna baztertu eta samurtze aldera joko nuke. Baina faktore askok jokatzen dute hor eta ikuspegi holistikoa izatea beharrezkoa da. Ez da botoi bat sakatuta lortu daitekeen zeozer.