Jesus Gomez eta Mª Jose Reyes, sendagileak: "Zigarroa pizteko gogoak bakarrik minutu pare bat irauten du"

Jesus Gomez eta Mª Jose Reyes, sendagileak: "Zigarroa pizteko gogoak bakarrik minutu pare bat irauten du"
2014/05/23 00:00
eta kitto!

- Zuen kontsultara erretzeari laga nahi dion norbait ailegatzen denean, nola laguntzen diozue?
Horrelakoetan, familia-medikuek erretzeko ohitura galtzeko tratamendu pertsonala egiten diogu erretzaileari. Ezer baino lehen galdetegi bati erantzuteko eskatzen diogu eta, ematen dituen erantzunen arabera, berarentzat egokiena izan daitekeen tratamendua ipintzen diogu. Horrez gain, kasu batzuetan erretzaileek tratamendu pertsonala baino zerbait gehiago behar izaten dute tabakoari aurre egiteko eta, horrelakoetan, taldeka lantzen ditugun saioetara etortzeko aukera badutela azaltzen zaie, parte hartzera animatzeko.

- Eta nolakoak dira taldeka lantzen dituzuen saioak?
Erretzeari lagatzeko ikastaroen egiturari jarraitzen diogu eta, bost saio egin eta gero, parte hartu dutenek erretzeari lagatzeko prest daude. Lehen saioa erretzeari laga baino 15 egun lehenago egiten da eta beste ezertan hasi baino lehen, medikuak berak edo erretzeari lagatzeko taldeetan gurekin batera diharduen Ana Fernandez erizainak bakarkako elkarrizketa egiten dugu eta, horrekin batera, test baten bitartez tabakoarekiko duen dependentzia maila neurtzen diogu eta ikastaroa nolakoa izango den azaltzen diogu, besteak beste. Lehen saio horretan tabakoaren inguruan dauden hainbat mitori buruz berba egiten dugu eta erretzeari lagatzeak dakarren onura-zerrenda luzea ere esplikatzen zaie.

- Eta aurkezpen moduko hori egin eta gero, nolakoak dira gainontzeko saioak?
Bigarren saioa erretzeari laga baino 8 egun lehenago egiten dugu eta, horretan, erretzeari lagatzeko prestatzen ditugu. Erretzeari lagatzea errazten duten hainbat aholku ematen dizkiegu, erretzeko antsietatea agertzen denerako konplize modukoa bilatzeko gomendatzen diegu, autokonfidantza indartzen laguntzen zaie eta erretzeko arrazoiak zeintzuk diren ere azaltzen dizkiegu. Hirugarren saioa erretzeari laga baino egun bat lehenago egiten dugu eta horretan erretzeko gogoari nola eutsi erakusten ahalegintzen gara eta abstinentzia sindromeari aurre egiteko baliabideak ere ematen zaizkie.

- Gogorra da abstinentzia sindrome hori gainditzea?
Zigarroa piztu eta erretzeko desioak oso gutxi irauten du, minutu bat edo pare bat baino ez dira. Horregatik, erretzeko gogo hori burutik nola aldendu dezaketen azaltzen diegu, atentzioa beste zerbaitetan ipintzearekin batera, erretzeko gogo horrek alde egingo duelako.

- Eta erretzeari laga diotenean, zeri erreparatzen diozue ondorengo saioetan?
Erretzeari laga eta zazpi egunera egiten da laugarrena eta batez ere abstinentziari aurre nola egin berrindartzeko eta berriz erretzen ez hasteko kontuetan ipintzen dugu arreta gehien. Horrekin batera, dolurako prestatzen ditugu. Izan ere, erretzaileak tabakoa urteetan beti aldamenean izan du eta, alde horretatik, tabakoa albo batera lagatzean, erretzaileak ospakizun eta une txarretan beti aldamenean izan duen norbaiten falta sentitzen du. Horregatik, hutsune hori betetzen laguntzen ahalegintzen gara. Eta bosgarren eta azken saioan jarraipen modukoa egiten dugu, zer moduz dauden-eta kontatzeko. Hortik aurrera, jarraipena telefonoz egiten dugu, bi, sei eta hamabi hilabetera deitu eta galdetuta.

- Nolako jendeak jotzen du zuengana tabakoa lagatzeko laguntza bila?
Erlatiboki gazteak izaten dira, 35-50 urte bitartekoak, asko guraso direnean animatzen dira eta, gainera, adin tarte horretako jendeak tabakoaren arazoen inguruko kontzientzia daukala ikusten da. Adin batetik aurrera, 65 urte bete ondoren, oso zaila da erretzeari lagatzeko gogoa izatea, sarritan tabakoari lotutako gaixotasunak izaten dituzten arren.