Javier Muguruza, musikaria: "Martxa honetan laster musika profesionala desagertu egin liteke"

Javier Muguruza, musikaria: "Martxa honetan laster musika profesionala desagertu egin liteke"
2014/05/16 eta kitto!

- Zelan definituko zenuke gurean aurkeztuko duzun zure azken lana? Zeren bila jo duzu bertan?
Geure azken lana, aurrekoen antzera, lan intimista da: eguneroko istorioak kontatzen ditu, entzuleei, banan-banan hartuta, abesten  izkiedanak. Hala ere, aurreko lanekiko bada berezitasun bat: oraingoan islada nabarmena du ezagutzen ari garen errealitate sozial latzak.

- Zenbat abesti eskaintzeko asmoa duzu Coliseoko kontzertuan? Aurreko diskoetatik zeozer errekuperatuko duzu?
Disko berri bat argitaratzen duzunean, kantu berri horiexek defendatu nahi izaten dituzu jende aurrean, baina arazoa izaten da zaila dela urteetan lagundu dizuten kantuak bazter uztea. Konkretuki, Coliseoko kontzertuan, disko berriko kantuak joango dira, nagusiki, gehi aurreko
diskoetako beste hainbat ere, errepertorioko ezagunenak tartean.

- Zenbaterainoko pisua dute disko horretan Mikel Azpirozek eta Mireia Otzerinjauregi eibartarrak?
Mikelen pisua oso handia da. Kontuan hartu behar da, pianoarekin laguntzeaz gain, kantu bakoitzaren janzkera musikala, inguratzen duen giroa, berak bilatu duela. Diskoaren kontzeptuan oso inportantea da lan hori. Mireiaren ahotsak, bestalde, aspalditik laguntzen dit, eta esango
nuke osagarri ezinbesteko bilakatu dela nire ibilbidean, identifikazio-marka bat. Kantari miresgarria da, dudarik gabe.

- Euskal Herrian bezain beste kantatzen duzu estatuan. Bartzelonan ere Barnasants saria jaso duzu. Non aurkitzen zara erosoen? Estatutik kanpo, zein herrialdek markatu zaitu gehien?
Barnasants saria jaso izanak ikaragarri poztu gaitu. Katalunian "la canço" delakoak oso indartsu segitzen du, eta lurralde hartan gurea kontzerturik onena izendatu izana potentea da oso, kontuan harturik aurtengo edizioan ehundik gora kontzertu izan direla, punta-puntako kantautoreenak. Katalunian poz handi asko hartu ditut urte guzti hauetan, baina estatuan eta estatutik kanpo ere asko ibili gara: aurreko diskoarekin, esaterako, Polonian, Estatu Batuetan, Marokon, Frantzian....

- Azken urteotan kantautore gisa diharduzu batez ere. Les Mecaniciens-ekin eta Joxe Ripiaurekin jardundako sasoia ahaztuta duzu dagoeneko? Taldeekin jotzera bueltatuko zinateke?
Oso oroitzapen ederrak gordetzen ditut bi talde horiekin emandako urteetakoak, baina oraintxe ez dut nire burua horretan ikusten. Pozgarria dena da gazte batzuek lekukoa hartu eta taldearen espiritua bizirik mantentzea, adibidez Joxe Replayren kasuan.

- Zelan ikusten duzu euskal musika orokorrean? Zeozer nabarmentzekotan, norbait azpimarratuko zenuke?
Sorkuntza aldetik, ondo; baina, bestela, garai konplikatuak dira. Martxa honetan, laster musika profesionala desagertu egin liteke, eta musikari amateurrak bakarrik geratuko lirateke. Normalean ez zait sobera gustatzen taldeak-eta aipatzea, baina salbuespen bat egingo dut oraingoan: Neighbor, Patxuko Nice eta Pecozza United.

- Hamar bat libururen egilea ere bazara. Badira urteak ez duzula argitaratu. Bide hori baztertuta akaso?
Baztertuta izan dut denbora luzean, batez ere helduentzako literatura. Baina aurten, sorpresa: berriro argitaratuko dut narrazio-liburu bat, aspaldiko partez.

- Zein beste proiektutan zabiltza murgilduta? "Paradisua eta katuak" errezitaldiarekin jarraitzen duzu?
Bernardo Atxaga eta biok laster beste errezitaldi berri bat hasiko gara prestatzen, "Paradisua eta katuak"ekoa oso esperientziaona izan baitzen.