Iratxe Unanue (Aza Ta Porrua): "Produktu ekologikoek ondo jaten dugun segurtasuna ematen digute"

Iratxe Unanue (Aza Ta Porrua): "Produktu ekologikoek ondo jaten dugun segurtasuna ematen digute"
2014/10/03 00:00
eta kitto!

- Beste urteetan bezala, aurten ere azokan izango zarete. Zer eskainiko duzue?
Elkarteak eskaintzen dituen produktuak erakutsiko ditugu, baina batez ere interesa dutenei elkartea ezagutzera ematen ahaleginduko gara. Aza Ta Porrua produktu ekologikoen kontsumoan eta horien hedapenean interesatuta gauden kontsumitzaileek osatzen dugun taldea da. Gure inguruko ekoizleekin harreman zuzena sustatzea eta indartzea interesatzen zaigu bereziki eta bazkidetza bitartez funtzionatzen dugu. Hau da, elkarteko kidea izan nahi duenak hainbat baldintza bete behar ditu: 30 euroko sarrera kuota ordaintzea eskatzen dugu eta, horrekin batera, lokalaren kuota (12 euro hileko) ere eskatzen zaio. Elkartearen egonkortasuna ziurtatzeko, bestalde, bazkideei kontsumoari begira gutxieneko konpromisoa izatea eskatzen zaie.

- Eta zer eskaintzen zaie elkarteko bazkideei?
Bazkideak, trukean, astero Eibarren produktu ekologikoak erosteko aukera dauka, Juan Gisasola kaleko 10ean elkarteak duen lokalean. Astean birritan, astelehen eta eguenetan 17.00etatik 20.00etara egoten gara bertan. Egun horietan hurrengo astean jasotzeko produktuen eskaerak jasotzen ditugu: Eibarko Sosola baserriko ogia, esnea, gazta eta behi esnearekin egindako jogurtak eta Itziarko Doniene Berri baserriko arrautzak eta barazkiak. Sasoiaren arabera laranjak, mandarinak, okela eta beste hainbat produktu eskatzeko aukera ere izaten da. Eskatu beharreko horiez gain, beste produktu asko izaten ditugu dendan salgai: barazkiak, marmeladak, eztia, fruta, fruitu lehorrak, kafea, arroz eta arto tortitak, zerealak, lekaleak, ardoa, garagardoa, zukuak, algak, azukrea, txokolatea, tofua, tofu hanburgesak, tofu saltxitxak, oliba olioa… denetarik erosteko aukera dago.

- Azken urteotan etiketa ugari ipintzen zaizkio jatekoari. Ekologikoa esaten duzunean, zer esan nahi duzu zehazki?
Egia da hau guztia pixka bat modan ipini dela, baina produktu ekologikoak direla esatean pestizida eta horrelakoak erabili barik, ahalik eta modurik naturalenean hazitakoak direla esan nahi dugu. Eta, horrekin batera, ahal den neurrian gu gauden tokitik gertuen ekoiztutakoak izaten ahalegintzen gara. Urte osoan denetarik jatera ohitu gara, baina ohitura hori aldatu daiteke eta urte sasoi bakoitzean horri dagozkion produktuak jaten ikasi.

- Oro har, jaten dugunaren inguruko gure kezkak gora egin duela uste duzu?
Denetarik dago, batzuk jatekoari asko begiratzen diote eta beste askok, berriz, ez diote aparteko arretarik ipintzen, berdin die zer jaten duten. Guk, behintzat, etxera eramaten ditugun produktuak beste toki batzuetan saltzen dituztenak baino naturalagoak eta garbiagoak direla badakigu eta horrek ondo jaten dugun segurtasuna ematen digu.

- Produktu ekologikoak besteak baino askoz garestiagoak direla uste dute askok. Egia da hori?
Garestiagoa bada, azken batean ekoizpena naturalagoa izateak produkzioa txikiagoa izatea dakar eta horrek beti eragiten du prezioak gora egitea. Hala ere, gurean saltzen direnak beste denda ekologiko batzuetan baino zerbait merkeago eros daitezke.


Debabarreneko III. Aste Ekologikoa

- Urriak 4, zapatua
10.00etatik 14.30etara.- Azoka ekologikoa: ardi, ahuntz eta behi gazta, haragia, barazkiak, arrautzak, ogia eta pastelak, eztia, marmeladak, sagardoa eta sagar zukua, olioa, gatza, taloak eta hazi jangarriak.
11.00.- "Merienda osasuntsua" tailerra, Aza ta Porrua elkartekoen eskutik.
15.00.- Azokako parte-hartzaileen bazkaria.
18.00etatik 19.30etara.- Bertako baserrietan ekoiztutako produktu ekologikoen dastaketa. Abeltzaintza produktuak: esnea, jogurta eta gazta, tomatea, ogia eta sagardoarekin batera. Produktu hauen ezaugarriak azaldu eta ekoizpenaren inguruko argibideak emango dira. Urkizuko parkean (karpan).

- Urriak 9, eguena
16.00.- Izena eman duten baserritarrei zuzendutako bisita, Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrira, abeltzaintza ekologikoa eta dibertsifikaziorako eredua ezagutzeko.

- Urriak 11, zapatua
10.00.- Kontsumitzaileei zuzendutako bisita, Eibarko Sosola baserrira, bertako abeltzaintza eta ogi ekologikoa ezagutzeko.