Iñigo Retegi (Arkigreen ): "Inbertsio txikia eginda asko hobetu daiteke"

Iñigo Retegi (Arkigreen ): "Inbertsio txikia eginda asko hobetu daiteke"
2014/10/03 eta kitto!

- Nolatan joan zara Madrilgo jardunaldi horretara?
Innpulso Sareak antolatuta, ekintzaileak eta sare horretan dauden herrietako udalak batzeko topaketa egin zen. Estatuko 35 herritako ordezkariak egon ginen parte hartzen eta Eibarko udalak gure herria ordezkatzeko gu aukeratu gintuen, Ekingunek antolatutako On Ekin! lehiaketan sari nagusia Arkigreen-ek jaso zuelako. Mª Jose Telleria Garapen Ekonomikoa, Berrikuntza eta Enplegu batzordeburuak lagunduta joan ginen Madrilera, gure proiektuari buruzko azalpenak eman eta besteen aurkezpenak entzutera.

- Nolako esperientzia izan da?
Egun osorako egitaraua prestatu zuten. Ana Botella alkateak aurkezpena egin eta, jarraian, herri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera antolatutako hiru bloketan, txikienetatik hasita herri bakoitza ordezkatzera joandakoek bost minutuan bakoitzaren proiektua aurkezten joan ginen. Parte-hartzeileek azaldutako proiektuak anitzak izan ziren: injeniaritzari lotutakoak, dietetikaren ingurukoak, nekazaritzarekin zerikusia zutenak, internet bidezko salmenta hobetzera bideratutakoak, mugikorren aplikazioak garatzen zituztenak…

- Entzundakoen artean zerbaitek atentzioa deitu dizu?
Proiektuetako bat bereziki kuriosoa egin zait: kobrea ez lapurtzeko sistema aurkeztu dute batzuek eta bitxia suertatu zait.

- Eta nola aurkeztu duzue Arkigreen?
Gure proiektuaren ardatza energia berriztagarriaren inguruko arkitekturak osatzen du. Arkitektura arloko proiektuak eskaintzen ditugu, baina bezeroari eskaintzen dizkiogun konponbide teknikoak energetikoki jasangarriak dira, horrek ematen die balio berezia gure proiektuei.

- Europako beste herri batzuekin alderatuta, horrelakoak nahiko berriak egiten zaizkigu, ezta?
Bai, nik hiru urte eman ditut Belgikan arlo honetan beharrean eta gu baino askoz aurreratuago doaz. Ez dakit zergatik, baina hemen horrelakoak ezartzea beste baatzuei baino gehiago ari zaigu kostatzen.

- Arkitektura proiektu bat energetikoki jasangarria izateko diru asko behar da?
Eskala txikian aplikatzeko dirua baino gehiago joerak aldatzen joatea behar da. Izan ere, horrelako proiektuek dirua eta energia aurreztea ekartzen dute eta inbertsio txikia eginda asko hobetu daiteke.