Idoia Somoza, sopranoa: "Opera eta antzerkia batuta, umeen arreta erakartzea lortu dugu"

Idoia Somoza, sopranoa: "Opera eta antzerkia batuta, umeen arreta erakartzea lortu dugu"
2015/01/16 eta kitto!

- Zer kontatzen duzue "Opera abeslaria" lanean?
Ikuskizunak kontatzen duen istorioa August Strindberg-en ipuinean oinarritzen da eta Hannah izeneko opera abeslari ospetsu baten gorabeherak, arrakasta eta hondamendia azaltzen ditu. Abeslaria goreneko mailara ailegatzean, harrokeriaz bete eta inguruko guztiak baztertzen joaten da, inork berari trabarik ez egiteko. Hamaika gorabehera tartean, harrokeria hori bere buruaren kontra joango da eta, abesten zuen antzokitik kalera bota eta gero, tabako-lehortegia izandako tokian etxe txiki bat alokatu eta hara joango da bizi izatera eta egindako guztiaren inguruko gogoeta egitera.

- Umeentzat pentsatuta dago, ezta?
Bai, bihar aurkeztuko duguna bereziki umeentzat sortutako lana da, asmo horri jarraituta bereziki moldatu dugu. Narratzailearen kontakizunak, operak eta antzerkiak, hiruak tartekatzen joaten gara eta, orain arte behintzat, umeek oso ondo hartu dute, asko gustatzen zaie. Gainera, taulatik jaitsi eta publikoarekin zuzeneko hartueman handia dago eta oso ondo pasatzen dute. Ikuskizuna bost urtetik gorako ume guztientzat gomendatuko nuke. Hau ikusi eta gustatuz gero, generoarekin zaletzen joatea gerta daiteke, batek daki.

- Publikoari opera modu arin eta dibertigarrian gerturatu nahi diozue. Oro har, opera arrotza egiten zaigula uste duzu?
Norberaren inguruaren arabera alde handia dagoela esango nuke. Oso txikitatik horrelako musikarekin ohituta dauden umeei opera ezaguna egiten zaie, baina beste askorentzat erabat arrotza da. Hala ere, lanerako musika aukeratzeko eta moldatzeko ardura nirea izan da eta oso ondo zaindu dut. Abestiak kontu handiz aukeratu ditut, zatirik esanguratsuenak hartu eta bereziki umeentzat erakargarriak izateko moldatuta daude. Taula gainetik umeen aurpegiei begiratzean asko gustatu zaiela argi ikusten da eta luzaroan hala jarraitzea espero dugu.