Gorka Tagle, Kantabriako Etxea: "Abesbatzako kideak Lambrettetan jaitsiko dira bihar"

Gorka Tagle, Kantabriako Etxea: "Abesbatzako kideak Lambrettetan jaitsiko dira bihar"
2014/09/12 eta kitto!

- Zer prestatu duzue aurtengo jaietarako?
Bihar arratsaldetik ekingo diogu egitarauari, 19.00etan Ipuruako bolatokian Ronda El Midiaju Reinosako taldearekin. Campoo-Los Valles eskualdean oso zabalduta dago horrelako abesbatzen inguruko ohitura: ezkondu aurretik senargaiak neskalagunari horrelako erronda abesbatzak bidaltzen dizkio eta, bestela ere, bertakoen artean oso harrera ona duten taldeak dira. Musika herrikoia, tradizionala eskaintzen duen taldea da eta oso pozik daude etxetik kanpora abesteko aukera izateagatik.

- Herri musika gustokoa duzu?
Hor ibiltzen gara neskalaguna, koinatua eta hirurok musika egiten. Kornyu izeneko taldea daukagu, nahiko bitxia, gainera, hirukotean euskaldun bat, argentinar bat eta Sevillako bat gaudelako.

- Emanaldia Ipuruan hasiko da, baina gero kalejiran ibiliko dira, ezta?
Bai, bolatokian hasi eta Toribio Etxebarria eta ingurura jaitsiko dira ondoren. Jaiak antolatzeko orduan beti ahalegintzen gara herrian bertan dauden taldeekin-eta elkarlanean zerbait egiten, horrela Kantabria aldeko ohiturak eta musikak hemengoekin uztartu eta ekitaldiak moduren batean aberasteko. Biharko, adibidez, Kaleetan Kantuz abesbatzaren eta Lambretta Klubaren laguntasuna izango dugu eta abesbatzako kideak, euren jantzi eta bestelakoak soinean dituztela, Ipuruatik motorrean jaitsiko dituzte. Iluntzerako txorizo-jana prestatu dugu Jardiñetako egoitzan.

- Baina jaiak bihar ere jarraituko du…
Domekarako meza, piskolabisa eta bazkaria antolatu ditugu eta hurrengo asteburuan, berriz, zapatu eta domekan mahai-jokoak eta beste txapelketak jokatuko dira. Iaz izan zuen harrera ona ikusita, bestalde, rabelista bat etorriko zaigu aurten ere.

- Bestela, urtean zelako martxa daukazue elkartean?
Gaur egun 150 bat bazkide gara eta jaietatik kanpora ekitaldi apalak antolatzen ditugu. Urtero irteeraren bat, Eibar eta Ermua arteko bolo-palma txapelketa… horrelakoak egiten ditugu.