Gorka Errasti, udaleko inmigrazio teknikaria: "Etorkin gehienak, geure moduan, euren lanetik bizi dira"

Gorka Errasti, udaleko inmigrazio teknikaria: "Etorkin gehienak, geure moduan, euren lanetik bizi dira"
2014/10/10 eta kitto!

- Zein da zuk egiten duzun beharra?
Udalaren Inmigrazio alorra 2004an sortu zen eta 2008az geroztik nik dihardut honetan beharrean. Nire zeregin nagusia etorkinen integrazioa lantzea da, horretara bideratutako programa eta bestelakoekin. Hemen ez dugu inolako diru-laguntzarik bideratzen. Astean egun bitan hitzordua eskatu duen jendea hartzen dut bulegoan, lan baimenen zein administrazioari lotutako beste tramiteen inguruko zalantzak argitzen laguntzeko, horrelakoen gaineko aholkularitza eskaintzen dugu.

- Eta zeintzuk dira zuregana jotzen dutenen kezka nagusiak?
Batez ere gizarte-sustraitzeak, familia berriz elkartzeak, egoitza eta lan baimenak berritzeak, osasun txartelak eta nazionalitateak sortzen dute kezka gehien, horien inguruko kontsultak jasotzen ditugu batez ere.

- Eta integrazioa lortzeko asmoari jarraituta, nolakoak egiten dituzue?
Ba, adibidez, oso martxa ona daraman Eibarren Bizi programa daukagu. Hilero 10-15 lagunek osatutako taldeak batu eta sei saiotan Eibarko gizartean integratzeko klabeak diren gaien inguruko informazioa zuzenean jasotzen dute. Eta oso harrera ona izaten ari den Berriketan programa ere hor dago: bertokoak eta etorkinak taldeka batuta, gazteleraz edo euskeraz berba egiten trebatzen diren bitartean elkarren arteko ezagutza ere lantzen joaten dira. Europako Batzordeak inmigranteen integrazioaren aldeko programa egokitzat jo zuen eta, egia esateko, horrelako errekonozimenduak ez dira oso sarritan jasotzen.

- Jardunaldietan aparteko garrantzia ematen diezue zurrumurruei. Zergatik?
Eibar, Gipuzkoako beste udalerri batzuekin batera, inmigrazioaren inguruko estereotipoekin amaitu nahi duen ZurrumurruEZ sarean dago eta, horren harira, jendeak gehien erabiltzen dituen zurrumurruen inguruko informazioa hedatzeko materiala eman da argitara. Untzagako erakusketan ere hedatuen dauden hamar zurrumurruen inguruko informazioarekin osatutako panelak ipini dira ikusgai.

- Eta zelakoak dira zurrumurru horiek? Zer diote?
Lana kentzen digutela, delikuentzia gehitzen dutela, laguntza ofizialen kontura bizi direla… Benetan oinarririk ez dauzkaten gauzak esaten dira etenbarik, eta horiek guztiak gezurra direla erakusten duten datuak emanda horrelakoak ixilarazi nahi ditugu. Etorkinez berba egitean, beste arlo batzutan onartezinak lirateken astakeriak lasai asko esaten dira eta horrekin amaitu beharra dago.

- Krisiak kalte handia egin die integrazio, elkarbizitza eta horrelakoei?
Zalantza barik, bai. Guk egunero ikusten ditugu horren adibideak, pentsa Gizartekintzako hormak errespetua eskatzen duten panelez bete behar izan ditugula! Denetarik entzuten da eta denetarik esaten digute. Jende askok kontrakoa pentsatu arren, etorkin gehienak, gure moduan, euren lanetik bizi dira. Eta diru-laguntzen kronifikazioa askoz altuagoa da hemengoen artean kanpotik etorri direnen artean baino. Laguntzen erabilera oso ezberdina da: etorkinek hasieran jotzen dute laguntza bila, euren kabuz aurrera egiteko gauza izan arte, baina hemengoek, ostera, azkenetan daudenean eskatzen dute laguntza eta, beraz, asko zailagoa egiten zaie hortik irtetzea.