Gabriel Ruiz, sendagilea: "Bihotzak nahiago du arineketan egitea ibiltzea baino"

Gabriel Ruiz, sendagilea: "Bihotzak nahiago du arineketan egitea ibiltzea baino"
2014/03/28 eta kitto!

- Zein arlotik bideratzeko asmoa duzu zapatuan eskainiko duzun hitzaldia?
Batez ere, azpimarratu nahiko nuke konfliktoak beharrezkoak direla, lokartuta ez geratzeko aktibatzaileak, eragileak. Gatazka horiek ondo konpontzen baditugu, irtenbide zuzena aurkituta, horrek indartu egingo gaitu; bestela, ordea, patologiak sortuko dira. Aukera biak eskaintzen dizkigute, beraz: osasun-iturri izatea edo gaixotasun-iturri.

- Zelan sakonduko duzu bilatzen duzun helburu horretan? Zer nahi duzu argi geratu dadin?
Bizitza askatasunean bizi behar dugula: hori da funtsezkoena. Askatasun barik gauza gutxi konponduko dugu: hortik edonon izaten ditugun ondorioak: hesteetan, kolonean, gibelean...

- Zertan egiten dugu kale helburu osasuntsu horren bila? Zer gomendatzen duzu?
Beldurrak lotzen gaitu, bereziki: inguruko jendea galtzeari, ez gaituztela maiteko, etxea kenduko digutela, gure seme-alabei zeozer gertatuko zaiela, lana galtzeko arriskua dugula... halako askorekin bizi gara. Zelan irten korapilo horretatik? Hasteko, konfliktoaz jabetu behar dugu eta berbalizatu, baten bati kontatu... Soluzioaren bidetik abiatzeko, jakina, ikasi egin behar dugu. Badira soluziorik ez duten gatazkak: heriotza, esaterako. Horrelakoetan onartu besterik ez zaigu geratzen; ez gaitezen galerari lotuta geratu.

- Medizinarekin lotutako alderdi asko lantzen dituzu. Bateragarriak dira guztiak?
Guztien arteko konbinaketa jotzen dut egokitzat, ez dut uste sistema hoberik dagoenik. Hortik emaitza berriak lortzeaz gain, onenak ere ondorioztatzen direlako. Beste maila batera heltzen zara horrela eta, gainera, bakoitzari komeni zaiona aplikatzen duzu, ez besterik. Denen artean, akupuntura da onena, abantaila gehien eskaintzen duena.

- Akupuntura aipatzen duzula, ekialdekoek gu baino aurreratuago daude munduaren kontzepzioan?
Alde handia kentzen ziguten, egia da. Baina Txinak izan zuen gosetearen ondoren, aurreratuen eta gehien zekitenen aurka egin zuten eta horiek behartuta ikusi zuten euren burua alde egitera. Horrela etorri ziren bai Europara, bai AEB-ra.

- Zeozertan aurreratu dugu minbiziari aurre egiterakoan?
Zientifikoki oso gutxi aurreratu dugu. Hor geneen eta kutsaduraren eraginean zentratzen dira batez ere eta, azken urteotako nire esperientziak erakutsi didanez, gure bizitza motak du garrantzi handiagoa: bakardadeak eta bizi-larritasunak jaten gaituzte.

- Arineketan egiteari demaseko garrantzia ematen diozu. Hainbesterako da? Ez da nahikoa oinez ibiltzea?
7-8 urteko ume batek antxitxiketan besterik ez du egiten eta ez da nekatzen. Gizakiok arineketan egiteko diseinatuta gaude: bai harrapatzeko eta baita harrapa ez gaitezen. Odolak zirkulatu egin behar du: metabolizazio hori ez bada gertatzen, odolak gure organismo guztia zikinduko du bestela. Forrest Gump-en ikusi genuen hori. Ibiltzea oso geldoa da, ez du ezer konpontzen, bidean burua jateko astia ematen dizu-eta. Bihotzari martxa eman behar zaio. Foballean jokatzen hasi naiz berriro eta oso osasuntsua da, agresibitatea bideratzeko modua eskaintzen baitizu, gorputzak eskertzen ditu kirol horretako lasterketa motzak.

- Medikuntzari, egituratuta dagoen moduan, hutsuneak ikusten dizkiozu? Zu alternatiboa zara?
Medikuntzak akats batzurekin jarraitzen du... badakizu, lurra biribila den, edo laua. Kontuz ibili behar da, sura bota ez zaitzaten. Nik, neure aldetik, ditudan ezagutzak erabiltzen ditut eta ikertzen jarraitzen dut. Hori bai, ez naiz alternatiboa: beti aurretik probatu egiten dut, ondoreneko efektuak
zeintzuk diren jakiteko.

- Diozunez, ez dago minbizia eragiten duen sustantziarik. Baina baita elikadura osasuntsuak ez digula ziurtatzen minbizirik ez dugula izango.
Denok ezagutzen ditugu esan didazunaren adibideak. Hori bai, gorputz osasuntsu batek errazago izango du konfliktoak konpontzea. Tabakoak minbizia sortuko balu, erretzen duten guztiek izango lukete. Baina konfliktoa konpondu ez dutenak bakarrik gaixotzen dira. Sustantziak toxiko bihurtzen dira neurri ez egokian hartzen baditugu: ura sudurretik edaten badugu, biriketara joango zaigu; oxigenoa behar dugu, baina %100ean kalte egingo digu.

- Zer esan nahi duzu gaixotasun guztiak onartutako programa biologikoak direla diozunean?
Ordenagailuen antzera bizi gara. Gure disko gogorrak arbasoetatik heredatutako programak ditu eta horren aurrean erreakzionatu behar dugu. Horko programa bat zelan jarraitu asmatzen ez dugunean garatzen dugu gaixotasuna.