Eliana Modrego, KZgune-ko arduraduna: “KZguneetan oso beharrezkoa den zerbitzu publikoa ematen dihardugu”

Eliana  Modrego,  KZgune-ko  arduraduna:  “KZguneetan  oso  beharrezkoa  den  zerbitzu  publikoa  ematen  dihardugu”
13 Eka
12:00

– Hainbat herritan KZguneen ordutegia erdira murrizten hasi dira, dinamizatzaile batzuk kaleratu dituzte… zer pasatzen da?
KZguneentzat orain arte egon den aurrekontu osoa Eusko Jaurlaritzak erdira murriztu du eta, hortik aparte, ez dakigu askoz gehiago. Eibarko KZgunean orain arteko martxan segitzen dugu orain arte behintzat, momentuz ez zaigu inor etorri ezer aldatzen dela esatera, baina inguruko herrietan gertatutakoa ikusita, batek daki hemendik pare bat hilabetera zer gerta daitekeen. Izan ere, gure inguruko KZgune gehienetan ordutegia erdira murriztu dute, 8 ordutik 4 ordutara pasatuta. Gipuzkoan 8 ordu zabaltzen jarraitzen dugun bakarrenetakoak gu gara, Zarautz eta Zumarragarekin batera. Zuzendari aldaketarekin batera etorri dira ordutegi murrizketak eta bestelako guztiak. Nik amatasun baja bat ordezkatzen dihardut, adibidez, eta nere moduan aldi baterako kontratuarekin gauden beharginek hasiera batean datorren urteko ekainera arteko kontratua genuen, baina orain, gauzak dauden moduan egonda, urte honetako abendura bitartekoa besterik ez digute ziurtatu.

– Jakin dugunez, behargin batzuk kaleratu dituzte, ezta?
Bai, hala da, sei edo zazpi kalera bota dituzte eta besteei, ezertarako astirik eman barik eta aldez aurretik ezer azaldu gabe, bapatean bulegora sartu zaizkie hiru aukera mahai gainera botata: zentruaren ordutegia murriztuko dutela-eta, jornada osoko kontratua izatetik jornada erdiko izatera pasatzea; KZguneko beharra laga eta Donostiara, erreleboetan, ordutegi horri dagokion soldata aplikatu barik eta dietak norberak ordainduta, Euskaltelen beste proiektu batera beharrera joatea; eta horietako bat ere ez onartu ezean, kontratua eten eta kalera joatea. Baina, jakina, lehen aukera bietan eskainitako lan baldintzekin ados egon ez arren, kalera joatea aukeratuz gero, norberak hartutako erabakitzat jotzen dute eta, beraz, borondatezko kaleratzeei dagozkien baldintzak aplikatzen zaizkio.

– Nolakoa da KZguneko martxa? Nola funtzionatzen duzue bulegoan?
Hemen zerbitzu mordoa eta era ezberdinetakoak eskaintzen zaizkie herritarrei, musutruk. Jende askorengana ailegatzen gara, gure bezeroek oso adin tarte zabala betetzen dute eta atzerritarrak, bertakoak, andrazkoak, gizonezkoak… denetarik izaten dugu. KZguneetan oso beharrezkoa den zerbitzu publikoa ematen dugu. Adibidez, askori beharra bilatzera joan behar dutenerako kurrikuluma prestatzen laguntzen diogu, edo atzerritarrei euren agiri eta bestelakoak eskaneatzen, internet bidez bidaltzen…

– Besteak beste, hilero hainbat ikastaro antolatzen dituzue, ezta?
Bai, ikastaro eskaintza zabala prestatzen dugu hilero eta horietan parte hartzea erabat doan da, toki guztiak bete arte edozeinek dauka izena eman eta bertan landutako gaietan trebatzeko. Gainera, ikastaroak gaur egun erabilgarritasun handia daukaten ingurukoak izaten dira: korreo elektronikoa nola erabili, sare sozialak, IT txartela, argazkien tratamendurako programak… KZguneetatik kanpo, beste edozein tokitan horrelakoak ikastea oso garestia izaten da sarritan eta, beraz, hona etortzen diren askok ezingo lukete ordaindu.
Horrez gain, interneten doan nabigatzeko aukera ere ematen dugu, zerbitzua erabiltzeko nahikoa da alta ematea eta egunero 45 minutuz interneten ibil daiteke ezer ordaindu barik eta 5 orrialde inprimatu ditzakete. Bataz beste, egunero 40 bat lagun etortzen zaizkigu hona internetera konektatuta dauden ordenagailuetan nabigatzera eta, hortik aparte, beti betetzen diren ikastaro bakoitzeko beste hamar bat lagun-edo.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude