Eibarko EHE: "Herritarrak euskeraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera animatu nahi ditugu"

Eibarko EHE: "Herritarrak euskeraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera animatu nahi ditugu"
2014/12/02 eta kitto!

- Zertan zabiltzate Eibarko Euskal Herrian Euskaraz taldekoak?
Gaur egun bost bat lagunek dihardugu Eibarko Euskal Herrian Euskaraz-en. Astean behin, eguen arratsaldetan batzen gara, 19.00etan AEK euskaltegian, eta bilera horietan elkarteak nondik nora joko duen pentsatzen eta zehazten joaten gara. EHE-k aspaldi hasitako bideari segitzeko beharrerako prest gaude eta, sorreraren 35. urteurrena hil honetan bete dela aprobetxatuta, elkarteko kide guztiak, oraingoak zein aurretik elkartean ibilitako guztiak zoriondu nahi ditugu, urte hauetan egindako beharrarengatik.

- Eta bide horretan, nolako ekimenak egiten dituzue?
Antolatzen ditugun ekimenak zein gure parte-hartzea izaten dutenak anitzak dira. Une honetan …eta kitto! Euskara Elkartearekin gazteen euskeraren erabilera sustatzeko proiektuan elkarlanean dihardugu eta abenduaren 3an ospatuko den Euskeraren Egunean ere parte hartzen izango gara, herriko euskalgintzako beste ordezkariekin batera. Eibarko Lomceri Ez taldekoekin ere elkarlanean gabiltza, irakaskuntza euskalduna lortzeko ahaleginari jarraituta. Eta, jakina, abenduko lehen asteburuan egingo den Durangoko Azokan stand-a ipiniko dugu. Datorren urtera begira ere hainbat ekitaldi lotuta dauzkagu. Besteak beste martxoan ospatuko den Korrikan eta apirilean Otxandion ospatuko den Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko asmoa daukagu.

- Zein da elkartearen lanarekin zabaldu nahi duzuen mezua?
Euskaraz bizi nahi dugula. Herritarrak euskeraz bizitzeko hautua harrotasunez hartzera animatu nahi ditugu eta, horrekin batera, gurekin bat egitera animatzea gustatuko litzaiguke. Astean behin egiten ditugun bilerak ez dira bat ere astunak izaten, guztiz kontrakoa, oso biziak eta dinamikoak dira eta, horregatik, jendea parte hartzera animatu nahi dugu, zenbat eta jende gehiago batu, orduan eta emaitza aberatsagoa lortuko delako. Bileretan egunerokotasunean ikusten diren hutsuneei erantzun zuzena emateko ideiak eta bestelako dinamikak sortzen joaten dira. Norbait animatuz gero, bilera egunen batean lasai asko etor daiteke eta, bestela, eibar@euskalherrianeuskaraz.org helbidera idatzita gurekin harremanetan ipintzeko aukera ere badauka.

- Eibarren zertan ikusten duzue hutsunerik handiena?
Herri mailan euskalgintzan diharduten beste guztiek dioten moduan, guk ere arazoa erabileran dagoela uste dugu, hori da gaur egun euskerak Eibarren daukan arazorik handiena eta, beraz, gure erronka garrantzitsuena hori aldatzea da. Euskera kalera atera nahi dugu eta hori lortzeko denen arteko elkarlana benetan garrantzitsua da.