Begoña Cabaleiro (Emaus-Ekocenter): "Ekocenterra bigarren eskuko denda baino askoz gehiago da"

Begoña Cabaleiro (Emaus-Ekocenter): "Ekocenterra bigarren eskuko denda baino askoz gehiago da"
2014/04/08 00:00
eta kitto!

- Zer da Ekocenter bat?
Toki bat baino gehiago, ahalik eta hondakin gutxien sortzea ahalbidetzen duen azpiegitura dela esan dezakegu eta, gainera, gizarteak baztertzeko arriskuan daudenentzat lanpostuak sortzen ditugu Ekocenter izeneko horietan. Jendearentzat alderik ezagunena, gehien ikusten dena behintzat erabilitako gauzen salmentarako denda litzateke, baina horretaraino ailegatu baino lehen, prozesua askoz lehenago hasten da, hainbeste ikusten ez diren beste pauso batzuk emanda.

- Eta zeintzuk dira pauso horiek?
Lehenik eta behin, hondakinen murrizketan garrantzitsua den lana egiten da: jendeak nahi ez dituen gauzak jaso eta berriz erabili ahal izateko, bigarren aukera ematen zaie. Beste barik, norabaitera botaz gero sekulagehiago erabiliko ez lirateken gauzak berriz erabiltzea ahalbidetzearekin batera, hondakin kopurua murriztu egiten dugu. Jendeak zuzenean guri ekartzen dizkigu nahi ez dituen gauzak edo, bestela, gu bila joaten gara. Horrela, kalean edozein modutan pilatuta, luzaroan hondatzen egotea saihesten da eta, beraz, berriz erabiltzeko aukerak ere areagotu egiten dira.

- Ondoren, zer egiten duzue jasotzen dituzuen gauzekin?
Ingurumena zaintzeko irizpideei jarraituta, Ekocenterretako beharginek sailkatzen hasten dira: lehenik eta behin birziklatzekoak alde batera eta hondakinak bestera joaten dira. Eta birziklagarriak direnen artean, batzuk guk zuzenean birziklatzen ditugu eta beste batzuk, berriz, baimendutako beste toki batzuetara eramaten dira.

- Ehungitzan ez duzue inolako hondakinik sortzen, ezta?
Bai, %100 aprobetxatzen dugu, izan ere, hondakin moduan sailkatutakoak ez ditugu botatzen, tailer eta bestelakoetan erabiltzeko trapuak egiten ditugu eta, horretarako ez badute balio, Frantziara bidaltzen ditugu eta hango enpresa batek isolamendurako material gisara berrerabiltzen du. Prozesua osotasunean kontrolatzen dugu.

- Berrerabiltzeko prestatzen dituzuenak, baina, salgai ipintzen dituzue gero, ezta?
Bai, horiek guztiak salgai ipintzen dira gure zentruetan, baina erabilitako gauzak saltzeko denda baino gehiago izaten ahalegintzen gara: jendeak bigarren eskuko gauzei balioa ematen ikastea nahi dugu, gauzak konpontzeko kultura zabaldu, prezio merkeen politika hedatu… horiek guztiak eta gehiago lortzeko beharrean dihardugu Irun, Donostia eta Avilesen zabalik dauden Ekocenterretan. Hilaren 15ean Arrasaten laugarren bat zabaltzekotan gaude eta Eibarren ere Ekocenterra laster zabaltzea gustatuko litzaiguke.