Asier Arrieta: "Euskara modan egotea lortu behar dugu"

Asier Arrieta: "Euskara modan egotea lortu behar dugu"
2014/04/25 00:00
eta kitto!

- "Zer, nori, nork" izenburuari jarraituko diozu zure interbentzioan, nondik nora joteko asmoa daukazu?
Mintegira doan jendeari ganorazko publizitatea egiteko zer pauso jarraitu behar diren azaltzen ahaleginduko naiz. Beste gauza askotan bezala, honetan ere estrategiak bere garrantzia dauka. Zuhaitz baten sustraiak ez badira egoki errotzen zuhaitza nekez haziko da eta publizitatean ere oinarri egokiak aukeratu behar dira, nahi dugun emaitza edo eragina lortzeko. Horregatik, ezertan hasi baino lehen ondo aukeratu behar dira zer esan nahi dugun, nori esan nahi diogun, nork esango duen, nola esango duen… horiek azalduko ditut.

- Tesia euskararen aldeko publizitate instituzionalaren inguruan egiten zabiltza. Zeintzuk dira azterketa horretatik orain arte atera zenituen ondorio nagusiak?
Euskera kanpainen arazo nagusia iragarle asko daudela da. Demagun automobil bat saldu nahi dugula eta, horretarako, kontzesionario bakoitzak bere kanpaina egiten duela, saltzaile guztiek kanpaina bakarra, bat komunean egin beharrean. Argi dago horrela mezuak bere indarra galtzen duela. Hala ere, euskararen aldeko kanpainak egiten dituzten instituzio, euskera elkarte eta beste talde guztiak denak elkarrekin ados ipintzea oso zaila, ezinezkoa dela onartu behar dugu. Pentsa iragarle bakar batekin ados ipintzea zaila izaten dela sarritan, zer esanik ez euskeraren inguruko guztiak ados ipini beharko balira! Horrekin batera, kanpaina batek bete beharreko gutxieneko baldintza batzuk dauzka, ez da nahikoa ideia bat izatea, ideia hori garatzeko orduak eta orduak sartu behar dira beharrean.

- Publizitatearen asmo nagusia produktu bat saltzea da, baina "produktua" hizkuntza bat denean zailagoa da asmo hori betetzea?
Hotzean horrela botata gogorra iruditu arren, euskera Coca-Cola bailitzan saltzen asmatu beharko genuke. Baina hizkuntza saltzeko orduan kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk sartzen dira jokoan. Hasteko, euskarak badauka puntu ideologiko bat eta horrek ez dio kontu honetarako laguntzen. Faktore sentimentala ere hor dago ("nire hizkuntza da eta maite dut"), beste askorentzat derrigorrez ikasi beharreko zerbait izango da...

- Datuek diotenez, euskararen ezagutzak gora egin du, baina erabileran ez dute horren islarik somatzen. Zer gertatzen da hori horrela izateko?
Ez da erraza ulertzen, fenomeno honetan ulertzen ez ditudan misterio asko sartzen dira tartean. Adibidez, unibertsitatean bertan, nik klase berberak ematen ditut euskaraz eta gazteleraz eta konturatuta nago erdal adarrean euskaldun asko dagoela matrikulatuta. Eta euskal adarreko ikasleak euren artean gazteleraz egiten dute berba. Bestalde, hemen euskarazegiten ez duten askok kanpoan daudenean euskeraz egiten dute. Ez dakit zergatik gertatzen diren horrelakoak, baina urteetan erabili den "euskara gaixuaren" teknika ez da baliagarria, fribolitatea dirudien arren euskera modan egotea lortu behar dugula pentsatzen dut, euskaraz harro egotea falta zaigu, modak ohitura sortuko luke eta horrela euskara gehiago erabiltzea lortuko genukeela uste dut. Artzek idatzi zuen moduan, "hizkuntza bat ez da hiltzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik", horren inguruko kontzientzia hartu behar dugu.