Arantza Alvarez, artista: "Denetarik margotzea gustatzen zait"

Arantza Alvarez, artista: "Denetarik margotzea gustatzen zait"
2014/06/17 00:00
eta kitto!

- Noiztik diharduzu margotzen?
Orain dela bizpahiru urte Maite Arriagaren pintura tailerretako batean, sormenaren hastapenei buruzkoan izena eman nuen eta orduan hasi nintzen lehenengoz koadroak margotzen. Aurretik, diseinatzaile grafiko moduan jarduten nuen beharrean, baina hori amaituta beste zerbait egin nahi nuen eta, artisau azoka batean Maite ezagutu eta bere ikastaroen berri izan nuenean, margotzen ikastera animatu nintzen eta horretan jarraitzen dut, oso gustora, gainera.

- Ez dira urte asko igaro, baina Topalekuko hormak koadroz betetzeko adina lan ipini dituzu erakusgai…
Eta erakusketarako ekarritako koadroak baino askoz gehiago margotu ditut, baina asko lagunei oparitu dizkiet. Koadroetako gaiak eta estiloak orotarikoak dira, akrilikoa eta beste teknika batzuk erabilita margotu ditut.

- Zure lehen erakusketa da?
Bai, margotzen hasi berria izanik lotsa ematen zidan erakusketa egitea, baina irakasleak berak animatuta pausoa ematea erabaki eta hemen nago. Egia esateko, aurreko barixakuko inaugurazioan zeharo beldurtuta egon nintzen, baina jende asko etorri zen eta emozio on asko izan nituen. Besteak beste Vicente Iriondo eta Iñaki Larrañaga artistak etorri ziren eta azken honek gustatu zitzaiola esan zidanean, hori gauza handia izan zen niretzat!

- Koadroekin batera beste eskulan batzuk ere badaude erakusketan…
Bai, koadroez gain beste gauza batzuk ere margotzen ditut: plater zuriak erosi eta margotu egiten ditut, kamisetak marrazkiekin apaindu… denetarik margotzea gustatzen zait.

- Erakusketa iragartzeko txartelean poesia bat dago idatzita, zer dela eta?
Interneten, nire webgunearen bidez Fabian Irusta izeneko Argentinako poeta batekin hartuemanetan hasi nintzen. Berak nire marrazkietako batzuk eskatu zizkidan eta, erakusketa egingo nuela jakin zuenean, txartelean agertzen den poesia idatzi zidan eta bihotzez eskertzen diot.