Antonio Herrero, maketagilea: "Planoei jarraituta, eskalan egiten ditut maketak"

Antonio Herrero, maketagilea: "Planoei jarraituta, eskalan egiten ditut maketak"
2014/06/17 00:00
eta kitto!

- Nolatan hasi zinen maketak egiten?
Orain dela hamaika bat urte hasi nintzen honetan, jubilatu nintzenean. Aurretik, lantegian burdinarekin jarduten nuen beharrean, galdaragilea nintzen. Tarteka, libre geratzen zitzaidan denboran, burdinean gauzak egiteko aprobetxatzen nuen: traineratxoa arraunlariekin, gure etxeko sarreran dauden jarlekua, aterki-ontzia... gauza mordoa egin dut burdina landuta. Baina jubilatu nintzenean, etxean burdina lantzeko modurik eta toki egokirik ez nuen, horregatik hasi nintzen egurra lantzen, etxebarruan jarduteko errezagoa delako. Nire lehen maketa garai batena izan zen eta, ondo geratu zitzaidala ikusita, beste maketa bat egiteari ekin nion, eta gero beste bat… horrelako lanak egiten orduak eta orduak ematen ditut. Hor daukat nire txokoa, terrazan, eta ahal dudanean han egoten naiz nire maketetan beharrean. Bestela, soldadurarako tresnak-eta izanez gero, burdin sareak eta beste gauza batzuk burdinean egiten jarraituko nuke.

- Eta non eskuratzen duzu maketak egiteko behar dituzun materialak eta osagarriak? Zailak dira lortzen?
Ba ez da beti erraza izaten norberak behar duena aurkitzea. Normalean Bilboko brikolaje-denda batera joaten naiz erostera. Maketetarako egurrak neurrira erosi eta, ondoren, etxean, adreiluz-adreilu mozten joaten naiz, gero banan banan pegatu eta eraikina osatzen joateko. Teilatuetarako teilekin gauza bera, dendan erosi eta banan-banan ipintzen joan behar da. Hala ere, batzuetan horrelako dendetara joanda ere behar ez duzu aurkitzen bila zabiltzan zerbait. Eta horrelakoak gertatzen direnean, ba norberak egin behar, ez dago besterik! Adibidez, esku artean dauzkadan maketa hauetako batean teilak nik egin ditut, banan-banan, igeltsuan moldea aterata.

- Eraikinen maketak egiteko argazkiei begiratzen diezu? Zertan oinarritzen zara?
Ahal dudan guztietan jatorrizko planoei begiratuta egiten dut lan, horiek oinarri modura hartu eta eskalara jasotzen dut maketako eraikina. Eibarko udaletxearen maketa hau, adibidez, planoei begiratuta eskalan egin dut. Hasierako nire asmoa udaletxea osorik egitea zen, baina behin beharrean hasita horrek lan mordoa emango zidala ikusi eta atzeko aldea egin barik laga diot, erliebedun koadro modukoa osatuta. Bestela, arkupe barruan dauden jarlekuak eta bestelako xehetasun guztiak diren moduan kopiatu eta tamaina txikiagoan "berreraiki" ditut. Barruan argiak eta dena ipini dizkiot, nahi izanez gero ixotzeko aukera badago.

- Badakizu zenbat ordu eman dituzun maketa bakoitza egiten?
Maketa bakoitzarekin emandako orduak ez ditut zenbatzen (barrezka), bakoitza bakarra eta berezia da niretzat eta ez diot beharrean emandako denborari begiratzen. Egin dudan azkena udaletxearena da eta gutxigorabehera iazko urrian hasi eta aurten apirila aldera amaitu dut.

- Maketak erakutsiko duzun lehen aldia izango da?
Bai, familiak eta lagunek sarritan ikusi dituzte, jakina, baina bestela ez dut inoiz erakusketarik egin. Ipuruako jubilatu etxean lau urtez zuzendaritzakide izan naiz eta bestela ere han ibiltzen naiz atzera eta aurrera. Ezagunek animatuta erakutsiko ditut maketak, jubilatu etxearen goiko pisuan. Sanjuanak pasatu arte zabalik egongo den erakusketan, nire maketekin batera, beste hainbaten lanak egongo dira ikusgai: Nikolas Zurutuzak bere makila batzuk erakutsiko ditu, jubilatu etxeko emakumeek eurek egindako mahai-tapizak eta bestelakoak… Antonio Garcia, Javier San Vicente eta beste hainbatek ere hartuko dute parte.