Andoni Egaña: "Familiak pisu handia du euskararen transmisioan"

Andoni Egaña: "Familiak pisu handia du euskararen transmisioan"
2013/11/14 00:00
eta kitto!

- Emango duzun hitzaldiaren izenburuari jarraituz, zer moduz doa euskara? Zer gustatuko litzaizuke argitzea martitzenean?
Lehenengo eta behin, jendearen pertzepzioa nahiko nuke jakin. Horretarako, ondo, gaizki edo erdipurdi goazen aukeratu beharko dute. Orokorrean, denetarako argudioak izaten dira, baina erdipurdikoak irabazten du. Ez dut uste jendea moztuko denik horri erantzuteko.

- Edipurdiko bide horri buelta emateko, edo hobetzeko behintzat, neurriak hartu dira azken aldian?
Neurriak bai, baina hartu behar zirenak diren... hor dago zalantza. Zenbait gauzatan asmatu dugu, beste hainbatetan ez hainbeste. Berdin-berdin jarraitzen badugu, ez dugu asmatuko. Legeak aldatuta ere, gizarteak bere egin behar ditu eta hainbat gauzatan bere jarrera aldatu. 

- Eta non dago irtenbidea? Non gure borrokagunea?
Neurriak hartzerakoan asmatzeaz gain, borroka handiena ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murriztean dago, aspalditik konturatu garenez. Legez hobetu dena jendearen ohituretan ez da proportzio berean eman. 

- Bide horretan, familiak paper garrantzitsua izango du, ezta?
Sasoi batetik hona, guztiz aldatu da bizimodua. Gaur egun etxe gutxitan izango da orain dela hamarkada batzuetako etxeko guztiak batzen zituzten afariak eta bazkariak eta, garrantzitsuena, horien ondoren izaten ziren tertuliak. Familietan orain dela 40 urtera arte genuen homogeneizazioa ere galdu dugu: umearen gurasoak bat herri batekoa da, bestea bestekoa; bat euskalduna, bestea agian ez, bat euskaldun berria... Ia familiarik ez da geratzen non umearen gurasoak herri berekoak diren eta biak euskaldunak. Gutxi hitz egiten dugu familian eta familia da hizkuntzaren transmisiorako lehenengo tresna.

- Eta eskolari traspasatu diogu karga hori. Ez da horrela?
Eskolari ematen diogu gure zabarkeriaren lan guztia. Bide heziketa eskolan egiten da, sexu heziketa eskolan, parekidetasun bizikidetza... Eta, hizkuntzaren transmisioa ere eskolan? Azken urteotan dena tokatzen zaio eskolari. Lehen familiak eta kaleak egiten zutena orain eskolari dagokio. Eta eskolak ahalegina egiten du, zama handiegia bada ere. Euskara bere bizitza-hizkuntza ez duen 20 urteko jende asko dago D ereduan ikasi duena. Horrez gainera, eskola, oro har, disimulatzen ari dela uste dut; gurasoak bezala. Eta uste dut eskolan simulatu egin behar dela, ez disimulatu. NASAkoek astronautak espaziora bidaltzen dituztela, ikusiko zenituzten simulakroak egiten; jendea espaziora bidaltzerako, hor aurreikusten da hango egoera, eta horretan entrenatzen dira astronautak. Umeekin hori egin behar da hizkuntza kontutan. Kalera irten behar dutenerako, etxean, eta etxean ez bada eskolan, simulatuz.

- Administrazioak ere izango ditu gauzak egiteko, ezta?
Legeak egitea dagokio, baina horrek ez du euskararen biziraupena ziurtatuko. Zer dagokion? Ahal den aldeen egitea. Eta ez da gutxi.. 

- Zelan ikusten duzu gertuko etorkizuna. Baikor egoteko motiborik badugu?
Baikor ikusteko motiborik baditugu; batez ere, lehen esan bezala, ezagutzaren esparruan. Hortik aurrera, kontsumo eta kulturaren arteko erlazioan gauzak ez daude hain argi. Sormenean indar handia hartu du euskarak eta hori musikan, antzerkian edo bertsolaritzan nabaritu daiteke.

- Bertsolari Txapelketa Nagusian saio guztiak lepo beteta izan dira. Eta BEC-eko finalerako txartelak agortuta...
Ez da berri txarra. Hala ere, lau urtean behin egiten da eta horrek ere ez du egoera osorik islatzen. Mikro-mundu bat ere bada, batez ere bertsozale ez den euskaldun batentzat.

- Eibar moduko herria non kokatuko zenuke euskararen mundu honetan? Badu zer erakustekorik? Edo ikastekorik gehiago?
Pixka bat ezagutzen dut eta herri interesgarria da: Gabriel Arestik ere bere benetako Euskal Herria Eibarrera heldu zenean ezagutu zuela zioen. Herri langilea eta euskalduna izan zen moduan, bidean gauzak aldatzen joan badira ere, etorkizunean berriro horra jo dezakeelakoan nago.