Aiora Renteria (Zea Mays): "Indarrez beteriko kontzertua eskainiko dugu"

Aiora Renteria (Zea Mays): "Indarrez beteriko kontzertua eskainiko dugu"
2014/09/07 eta kitto!

- Nolako uda ari da izaten? Kontzertu asko ematen zabiltzate?
Uda potentea izan dugu eta oraindik jarraitzen du! Euskal Herritik ibili gara jotzen, oporretarako ere denbora pixka bat izan dugu eta uda amaiera interesgarria ere badaukagu! Udazkena ere topera daukagu eta Berlin, Bartzelona eta Madrilera joateko aukera izango dugu, besteak beste.

- Arrate ezagutzen duzue, ezta? Orain dela urte batzuk bertan jo behar zenuten, baina euria botatzen hasi eta bertan behera geratu zen kontzertua, gogoan daukazu?
Bai noski! Aurreko kontzertuan, euri mordoa egin zuen, kontzertuaren erdi-erdian. "Elektrizitatea" abestia jotzen genuen bitartean gelditzeko eta eszenatokitik azkar jaisteko esan ziguten. Argindarra kendu zuten eta orduan ikusi genuen nola eszenatokiko argindarraren kutxan ur litroak eta litroak sartzen ziren, beraz kontzertua bertan behera gelditu zen...

- Oraingoa nolako kontzertua emateko asmoa daukazue? Zerekin espero duzue topo egitea?
Oporretatik bueltan gaude eta jotzeko irrikitan! Beraz, indarrez beteriko kontzertua eskaini nahi dugu, ondo pasatu, dantzatu, barre eta negar egiteko aukera ematen duten kontzertu horietako bat.

- Hamaika tokitan ibilitakoak zarete, alde handia dago Arraten moduan zelai batean kontzertua eman ala toki itxi batean eman? Zertan?
Toki itxi batean kontzertu intimo bat egiteko aukera daukazu, hori da alderik nabarmenena, baina Arrate moduko zelai handi batean jotzea gozada bat da, indar gehiago eman behar diozu denari publikoa zureganatzeko.

- Aurtengo jaietako kartelean zuekin batera Zopilotes Txirriaos eta Las Tea Party daude. Aurretik elkarrekin jo duzue? Nolakoak dira?
Ba juergarako eta ondo pasatzeko talde ederrak dira biak, Zopilotes-ekin aspaldi jo genuen eta Las Tea Partyrekin pare bat aldiz egin dugu bat. Plazer bat da eurekin egotea eta are handiagoa Arraten errepikatzea, espero dugu aurten euri gabe izatea!