Ainhoa Mesa, kooperantea: "Bekari esker joan nintzen Perura laguntzera"

Ainhoa Mesa, kooperantea: "Bekari esker joan nintzen Perura laguntzera"
2015/01/16 eta kitto!

- Nola suertatu zitzaizun Peruraino, Egoaiziaren proiektuan laguntzera joateko aukera?
Eusko Jaurlaritzak kooperante gazteentzat urtero ematen dituen beka horietako bat eskuratu nuen eta, horrelakoetan, norberak ez du aukeratzen nora joan edo zein proiektutan lagundu nahi duen, Jaurlaritzak berak esaten dizu nora joango zaren laguntzera eta niri Eibarko Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundearen proiektuan laguntzera joatea egokitu zitzaidan.

- Nolakoa da proiektu hori? Zertan ibili zinen beharrean?
Egoaiziak urteak daramatza Perun, Piurako nekazariei laguntzeko proiektuan beharrean. Zehatzago azaltzeko edo, hango kakao ekoizle txikien elkartearen konpetibitatea indartzeko proiektua da eta, nik Enpresa Zientziak ikasi ditudanez, elkartearen bulegoan beharrean jardun nuen, gaitzeak egiten eta bulegoko beste lan batzuetan laguntzen. Baina hortik kanpora ere, San Juan de Bigote-ko nekazariekin batera zelaietan beharrean ibiltzeko aukera ere izan nuen eurekin eman nituen hiru hilabeteetan.

- Eta nolako esperientzia izan zen?
Oso oso ona. Horrelako esperientzien inguruan berba egiten dugunean denok gauza berak behin eta berriz errepikatzen ditugu: zenbat eta gauza gutxiago izan orduan eta zoriontsuago dela jendea, bizimodu askoz lasaiagoa daukatela, edozein oztopori aurre egiteko orduan gu baino positiboagoak direla… Horiek guztiak eta gehiago bizi izan nituen, hori da egia biribila. Zoragarri hartu ninduten eta benetan oso gustora egon nintzen.

- Azaldu duzunez, zure bideak eta Egoaziarenak bat egitea bekari zor zaio, baina behin hasita, aurrera begira elkarlanean jarraitzeko asmoa daukazu?
Egoaiziak Perun egiten duen lana benetan garrantzitsua da. Hiru hilabete horietan nik ikusi nuena ikusita, Egoaiziak lagundu ezean, seguruenik nekazari horiek aurrera egiteko modurik ez lukete izango. Handik bueltan Egoaiziari pare bat ekitalditan laguntzen egon naiz, baina bestela Eibar urruti samar geratzen zait. Bestela, betidanik gustatu zait boluntario/kooperazio proiektuetan laguntzea eta hori ez da aldatuko. Perun baino lehen, orain dela urte batzuk Bolivian egon nintzen eta gaur egun ere, beharretik kanpora, IHES gaixoei laguntzen ibiltzen naiz.