Ainara Lavado (...eta kitto! Euskara Elkartea): "Gazteen artean euskeraren erabilera igo nahi dugu"

Ainara Lavado (...eta kitto! Euskara Elkartea): "Gazteen artean euskeraren erabilera igo nahi dugu"
2014/12/05 eta kitto!

- 2013an Eibarko gazteen artean euskeraren erabilera aztertu zen. Zein izan zen gazteak aukeratzearen arrazoia?
Kale neurketetako datuek argi adierazten digute euskeraren erabileran adina jauzi bat dela eta une estrategikoa dela gaztaroa. Umeen erabilera nahiko altua izatetik gazteen erabilera ertain-baxua izatera pasatzen da, helduen erabilera baxura hurbilduz. Gaitasuna baldin badago, zergatik ez dugu hitz egiten? Euskara bizitzeko funtzio guztiak betetzeko gai da? Norekin hitz egiten dute gazteek euskaraz? Non? Zenbat? Guzti honi erantzun nahian ikerketa egin beharra ikusi genuen. Gazteak aukeratu izana ez da kasualitatea izan, adin talde erabat estrategikoa dela uste dugu. Izan ere, etorkizuneko helduak izango diren ebidentzia alde batera lagata, erabilera esparru gehien ikutzen dituen adin-taldea dela esan dezakegu; hezkuntza, aisialdia, lan mundua, familia, sare sozialak... Horregatik, esparru guzti hauek aztertu ahal izateko, gaztaroa modu zabalean ulertzea erabaki dugu, 18- 28 urte bitarteko gazteengan fijatuz. Baina gure helburua ez da egoeraren azterketan gelditzea, baizik eta hutsuneak/beharrak detektatzearekin batera eragitea. Guzti hori dela eta, datorren ostegunean, hilaren 11n, arratsaldeko 7etan lan bilera irekia egingo dugu ...eta kitto!-n eta eragile bakoitzak proposamenak egin eta lantzeko aukera izango du. ...eta kitto!-k koordinazio eta bidelagun lana egingo luke, baina elkarlana da bilatzen duguna, gazteen, talde eta eragile desberdinen arteko elkarlana.

- Zeintzuk izan dira ikerketaren ondorio nagusiak? Nolako balorazioa egin daiteke?
Generoak eragin nabarmena du erabileran: emakumezkoek gehiago erabiltzen dutelako. Bestalde, lagunartean ematen da erabilerarik baxuena, hau da, solaskide ugari eta testuinguru ez-formalean daudenean. Lan munduan, ahozkoan, erabilerarik altuena jaso dugu. Gaitasunari dagokionez, berriz, heren bat atzean geratzen ari da. Azkenik, bikotearekin euskaraz beti edo ia beti euskaraz aritzen direnak lagunartekoaren bikoitza dira, igoera nabarmena. Oso kezkagarria iruditzen zaigu, kuadrillan edo lagunartean daudenean %16,1-k besterik ez duela euskara erabiltzen. Bestalde, gaitasunari begira, kezkagarria da
heren bat atzean geratzen ari dela ikustea, hortan ere lan handia dugu egiteko.

- Datu horiek ezagututa, hemendik aurrera zer egingo da?
Kuadrilletako erabilera %16,1etik %20ra igotzea nahiko genuke, hiru urteko plana diseinatzea nahi dugu. Baina ikerketan galdetu zaien horiei beraiei galdetu nahiko genieke oraingoan zer egin dezakegun, noiz eta nola... Datorren osteguneko bileran hori lantzea nahi dugu. Ez dugu nahi datu eta kopuruetan gelditzea, baizik eta hemendik aurrera zer egin dezakegun pentsatu eta lanean hastea. Lan bilera horretara 18-28 urte bitarteko gazteak gonbidatu nahi ditugu eta baita gazteekin lan egiten duten eragile guztiak ere (kirol taldeak, sindikatuak, kultur taldeak, jai batzordeak...). Denon artean askoz errezagoa izango baita aurrera egin eta gauzak aldatzea.