Abundio Maestro, artista: "Aroztegian beharra amaitu eta taillak egiten hasten nintzen"

Abundio Maestro, artista: "Aroztegian beharra amaitu eta taillak egiten hasten nintzen"
2014/03/14 00:00
eta kitto!

- Orain arte ez duzu inoiz erakusketarik egin, nolatan animatu zara ba?
Jendeak animatuta ausartu naiz erakusketa egiten. Izan ere, umetatik izan dut artearekiko zaletasuna, hamar bat urte nituela hasi nintzen egurra lantzen eta harrezkero bizitza osoan jardun dut taillak egiten, koadroak margotzen… Beharra amaitzean, denborapasa moduan sortu ditut erakusketan ikusgai dauden hauek eta etxean gordeta geratu diren beste artelan asko. Hala ere, orain arte ez naiz sekula ausartu egindakoak erakustera, beharbada jendeari ez zitzaizkiola gustatuko pentsatzen nuen-eta.

- Eta nolakoa izan da esperientzia? Zer diote erakusketa ikustera etorri direnek?
Ba oso pozik nago. Jende asko etorri da bisitan eta ikusitakoa asko gustatu zaiela esan didate gehienek. Apirilean Eibarko Artisten Elkarteak Portalean erakusketa zabalduko du eta, hemengo esperientzia ona ikusita, aurten talde-erakusketa horretan parte hartuko dut.

- Zaila da egurrean horrelako irudiak sortzea?
Bizitza osoan arotza izan naiz, gaztetan Eibarrera bizitzera etorri nintzenetik horretan jardun dut beharrean, hasieran beste batentzat lanean eta, ondoren, Estaziño kalean ipini nuen tailerrean. Artetik bizi ahal izateko benetan ona izan behar da, bestela jai dago. Horregatik, aroztegiko beharra amaitzean, libre nuen denbora zaletasunari eskaintzeko aprobetxatzen nuen eta tailerrean bertan geratzen nintzen ahal nuen guztietan, taillak egiten edo koadroak margotzen.

- Tailletarako egurra lortzeko behintzat ez zenuen arazorik izango…
Alde horretatik abantaila daukat, bai. Egurra ederto ezagutzen dut eta, beraz, oso erraza egiten zait egin nahi dudan taillarako egurrik egokiena zein den aukeratzea. Batez ere intxaurrondoa erabiltzen dut, taillak egiteko onena da eta, gainera, irudiak nabarmentzeko aproposena ere bada.

- Horrelako erliebedun koadroak egurrean egiteko zenbat denbora ematen duzun zenbatu duzu inoiz?
Lan bakoitza egiten orduak eta orduak eman ditut, mordoa, ezin jakin zenbat ordu sartuko nituen! Baina lan bakoitza egiten ibili naizen bakoitzean, esku artean daukadana besterik ez da egon nirentzat. Bestela, egin ditudan artelan guztiak berdin maite ditut, niretzat denak dira bereziak eta kutunak.